Herri Hezitzailearen diagnostikoa osatzeko kontraste saioak egingo dituzte hurrengo astetik aurrera

Uztarria.eus 2018ko urr. 27a, 17:30

Balioen inguruan eragileek betetako galdetegietako emaitzak aurkeztu, eta handik ondorioak aterako dituzte. Urriaren 30etik azaroaren 7ra bitartean, arlokako bost bilera izango dira, eta umeen zaintza zerbitzua eskainiko dute. 

Azpeitia herri hezitzailea izan dadin abiatutako egitasmoaren barruan, balioen diagnostikoa osatzeko hainbat saio antolatu du Udalak datozen asteetarako. Izan ere, iazko maialtzean, Herri Hezitzailea jardunaldiak egin zituzten 80 lagun inguruk, eta han sortutako kezketan oinarrituta, herriko eragileen azterketa egiten hasi ziren. Hain zuzen ere, balioen inguruan hausnartzeko prozesuari ekin zioten joan zen udaberrian, eta ordutik, herriko eragileen 50 galdetegi jaso dituzte. Hango emaitzetatik abiatuta, kontraste saioak egingo dituzte orain.

Kontraste saioetan galdetegietako emaitzak aurkeztuko dituzte, eta guztien artean ondorioak ateratzen saiatuko dira. Era berean, aurrera begirako erronkak identifikatzea izango dute helburu saioek. Guztira, bost saio egingo dituzte, arloka banatuta: kultura eta euskara eragileak hilaren 30ean elkartuko dira, 19:00etatik 21:00etara artean, udaletxeko ganbaran; Emakumen Mahaia, berriz, hurrengo egunean elkartuko da, 18:30etik 20:30era bitartean, Emakumeen Txokoan; azaroaren 7an, Hezkuntza Mahaiaren txanda izango da, eta taldeak 15:00etatik 17:00etara egingo du batzarra, udaletxeko ganbaran eta Gaztelekuan; egun horretan, "denetarik" hitz egiteko beste kontraste saio bat egingo dute, 18:00etatik 20:00etara, Sindikatu Zaharrean; Kirol Mahaiak ere egun horretan egingo du bilera, 21:00etatik 22:30era artean, udaletxeko ganbaran.

Udalak jakinarazi du saio horietan umeen zaintza zerbitzua eskainiko dutela, eta interesa dutenek herrihezitzailea@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 647 07 54 47 delefonora (Maite Azpiazu) deitu dezakete.