Denon Artean prozesua hasiko du Udalak, datorren urteko aurrekontuak osatzeko

Uztarria.eus 2018ko urr. 26a, 19:26

Urtea amaitzerako onartuko ditu 2019ko aurrekontuak Udalak, eta ekonomia, gizarte zerbitzuak, etxebizitzak eta kultura izango ditu ardatz. Herritarren beharrak jasotzeko, Udal Gobernuak bilerak egingo ditu auzotarrekin, eta eragileekin harremanetan jarriko da. Era berean, galdetegiak banatuko ditu etxez etxe.

Azpeitiko Udalak abenduan onartuko ditu 2019ko aurrekontuak, eta horiek osatzeko Denon Artean prozesua hasiko du beste urte batez. Hori hala, herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzen hasiko da Udal Gobernua, eta, besteak beste, auzotarrekin bilerak egingo ditu hurrengo astetik aurrera.

Gaur eman dute egitasmoaren berri Josu Labaka, Leire Goenaga eta Aitor Bereziartua zinegotziek. Labakak adierazi duenez, herritarrek "mota guztietako eskaerak" egin ahal izango dituzte, eta Udalak hainbat bidetatik jasoko ditu haien eskaerak. Batetik, Udal barruan egingo dute lanketa, eta batzordeetatik zein teknikarien eskutik jasoko ditu proposamenak; bestetik, herritarren eta eragileen beharrak jasotzeko hainbat lan saio egingo dute. Datozen asteetan, esaterako, batzarrak egingo dituzte auzoetan, eta, horrez gain, eragileekin harremanetan jarriko da Udala. "Eragileekin daukagun harremana ez da urteko egun batera mugatzen. Herrigintzan aurrera egiteko norabide orokorra adostuta dugu horiekin, baina beti daude egiteko ekarpen berriak, eta proposamen guztiak jasotzeko irekita gaude", esan du Labakak. Era berean, norbanakoek ere beraien proposamenak helaraz ditzaten, galdetegiak banatuko dituzte etxez etxe.

Goenagaren arabera, hurrengo urteko aurrekontuak "bereziak" izango dira, oraingo agintaldiaren bukaera eta datorrenaren hasiera hartuko dituztelako. Azpimarratu du aurrekontuek "azpeitarren beharrak betetzea eta herri hobearen alde inbertitzea" izango dituztela helburu, eta zerbitzu publiko "zabala eta kalitatezkoaren alde" lan egingo dutela. Urtea amaitzerako onartuko dituzte datorren urteko aurrekontuak, eta zinegotziek aurreratu dute aurtengoak baino handiagoak izango direla, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru funtsetik jasoko duten zenbatekoa igo egingo dela aurreikusten dutelako.

Lau ardatz izango dituzte aurrekontuek, Bereziartuak adierazi duenez. Lehenengoak ekonomia sustatzea izango du oinarri, eta langabezia tasa txikitzeaz gain, lanpostuen kalitatea hobetzeko neurriak hartuko dituztela agindu dute; babes soziala bermatzea helburu, berriz, gizarte zerbitzuak izango dira aurrekontuen bigarren ardatza. Bide horretan, 65 urtetik gorako herritarrei zuzendutako diru laguntzen egitasmoa indartuko dute hurrengo urtean; horrez gain, etxebizitzak eraikitzeko obrak hasiko dituzte "epe motzean", eta "pauso bat gehiago" emango dute Alde Zaharra biziberritzeko; eta 2019ko aurrekontuen azken ardatza kultura izango da, eta arlo horretako erronka nagusia izango da Soreasuko Sormen Gunearen lanak amaitzea eta azpiegitura berria martxan jartzea. Hain zuzen ere, Sormen Gunearen proiektua Denon Artean egitasmotik sortutako "adibide garbi eta ikusgarria" dela aipatu du Bereziartuak.

Goenagak adierazi duenez, Udalaren egoera ekonomikoa "ona" da, eta, zinegotziaren arabera, horren adierazgarri da datorren urteko tasa eta zerga gehienak izoztu izana. Azken urteetan, herrian "inbertsio handiak" egin dituztela azpimarratu du, eta gogora ekarri ditu Azoka Plazaren eta herriko plazaren eraberritzeak edota Elikagunea sortzea.

Era berean, jakinarazi du aurtengo aurrekontuek exekuzio maila "altua" izango dutela; "aurreikusitako proiektu ia guztiak garatuta geratuko dira urtearen amaierarako", esan du Goenagak.