Apustu etxearen "ondorio kaltegarriak" saihesteko, "baliabide guztiak" jarriko ditu Udalak

Uztarria.eus | Gizartea
2018ko urr. 26a, 15:19

Azpeitiko Udalak "kezka" agertu du apustu etxeak izan ditzakeen ondorioez. Eusko Jaurlaritzari oharra bidali dio, halako lokalek herrian eragin dezaketen "inpaktuaren" informazioa eta txostena eskatuz.

Datozen egunetan zabalduko dute apustu etxea Balentina Agirre plazan, eta irekieraren aurrean, Azpeitiko Udalak bere "kezka" agertu du negozio horrek eragin ditzakeen ondorioez. Era berean, ohar bidez adierazi du "eskura dituen baliabide guztiak" jarriko dituela "ondorio kaltegarriak" saihesteko.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak du apustu etxeak arautzeko eta baimenak emateko eskumena, eta hori hala izanik, Udalak gutun bat igorri dio jaurlaritzari, eta gisa horretako lokalek Azpeitian izan ditzaketen "inpaktuari" buruzko informazioa eta txostena eskatu dizkio. Gainera, apustu etxeen araudia berrikusteko galdegin dio Udalak erakundeari.

Azpeitian apustu etxea zabaltzeko lanak hasi zirenetik, ugariak izan dira negozio horren aurkako mobilizazioak azken hilabeteetan. Besteak beste, Elkar-ekin taldeak apustu etxearen aurkako 1.000 sinadura baino gehiago bildu ditu azken asteetan, eta hilaren 31ra bitartean jarriko dituzte herrian horretarako mahaiak eta guneak. Bide horretan, Udalak bat egin du herriko eragileek gai horren inguruan bultzatzen dituzten ekimenekin.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Gabiriko Pablo | 2018-10-27 : 11:52

Denon artean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu