Mendekuaren bidean jarraitzea "guztiz ulertezina eta arduragabea" da, Gipuzkoako EH Bilduren arabera

Uztarria.eus 2018ko urr. 26a, 13:37

Atzo jakinarazi zuen GHK-k helegitea jarri nahi diola Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente ohia errugabetu zituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiari. Erabakia salatu du EH Bilduk, eta esan du aurrerantzean ere gipuzkoarren interesen defentsa izango dela bere eguneroko jardunaren zutabea.

Atzo jakinarazi zuen GHK-k helegitea jarri nahi diola Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente ohia errugabetu zituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiari. Astelehenerako deitu du kontsortzioak erabakia hartzeko ez-ohiko batzarra, eta litekeena da helegitea jartzea EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin onartzea, bi alderdi horien botoei esker eraman baitzituen GHK-k Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara.

Gipuzkoako EH Bilduk oharra kaleratu du GHK-k Intxaurrandieta eta Errazkin errugabetu zituen epaiari errekurtsoa jarriko diola salatzeko. Koalizioak gogorarazi du EAJri eta PSE-EEri erantzukizunez jokatuta gatazka berbideratzeko eskaera egin ziola. "Konfrontazio eta judizializazio bideak baztertu eta gipuzkoarren interesak lehenesteko deia egin genien". EH Bilduren arabera, baina, gonbidapen hori "jasotzeke" daude EAJ eta PSE-EE: "Berriz ere adostasuna eta eztabaida arbuiatu eta mendekuaren eta gatazkaren aldeko hautua egingo lukete errekurtsoari bide emanez gero. Mendeku bidean jarraitzea guztiz ulertezina eta arduragabea litzateke".

EH Bilduk azpimarratu du erraustegiaren inguruko epaiak dioen "kudeaketa arduragabe" horren hainbat erantzule kargu instituzionaletan eta politikoetan dagoela gaur egun: "EAJk eta PSE-EEk kreditu kontratu horiek bertan behera uzteko aukera izanda ere, Auzitegi Gorenean errekurtsoa ez aurkezteko erabakia hartu zuten. Sententziak adierazten duen moduan, irabazteko aukerak zeuden, baina nahiago izan zuten bankuei 40 milioi euro erregalatu, ardura politikoari ihes egiten jarraituz eta beste behin Ainhoarengan eta Iñakirengan kokatuz beraien kudeaketa neglijentearen ardura". Horrenbestez, koalizioaren aburuz, etorkizuna "mendeku politiketan" eraikitzen jarraitzeko erabakia nagusitu da. Bestalde, EH Bilduk salatu du erraustegiaren dimentsioa justifikatzeko Gipuzkoako zabortegietan biltegiratutako hondakinak erretzeko asmoa dutela gaur egungo agintariek, eta honako galdera hauek luzatu ditu koalizioak: "Zeintzuk dira plan horretan berrireki nahi zituzten zabortegiak? Nola da posible gaur arte hori ezkutuan mantendu izana?".

GHKren ez-ohiko batzarraren atarian, EH Bilduk jakinarazi du aurrerantzean ere gipuzkoarren interesen defentsa izango dela bere eguneroko jardunaren zutabea. "Mehatxu politiken gainetik, adostasuna zein gipuzkoarren hitza izango dira gure jardun politikoaren ardatz, birgaitze demokratikoaren beharra gero eta handiagoa baita". Horri lotuta azaldu du "eraso guztien gainetik" aldaketa horren alde gehiengo politiko zein sozialak eraikitzen jarraituko duela.