Ikasberriko ikasleek Ekobizi proiektua aurkeztu dute aldundiaren Donostiako egoitzan

Uztarria.eus 2018ko urr. 26a, 17:00

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteen Gipuzkoa programarekin bat egin dute herriko zenbait ikastetxek. Hain zuzen ere, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Batxilergoko lehen mailako hainbat ikasle izan ziren asteartean Donostiako aldundiaren egoitzan, joan den ikasturtean landutako Ekobizi proiektua aurkezten. Gipuzkoaren etorkizunari lotuta, edozein gairen inguruan eta nahi zuten formatuan proiektu bat aurkeztu behar zuten, eta beraiek ingurugiro etxeei lotutako egitasmo bat aurkeztu zuten.

Gipuzkoako hainbat herritan ingurugiro etxerik ez dagoela ohartuta, honako proposamena aurkeztu dute Ikasberriko ikasleek: Ingurugiro etxeak sortzea Gipuzkoako eskualde bakoitzeko herri handienetan, horretarako albo batera utzita dauden eraikinak baliatuta. Horrekin batera, ingurugiro etxeei ohikoa baino erabilera anitzagoa ematea ere proposatu dute; hau da, gune horietan adin guztietako herritarrei zuzendutako tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak... antolatzea, kontsumo eredugarria sustatuz.

Gipuzkoa osoko hogei ikastetxek baino gehiagok parte hartu dute Gazteen Gipuzkoa programan. Ikasberriko ikasleez gain, Iraurgi ikastetxeko Batxilergoko lehen mailako ikasleak ere izango dira Donostian, beraiek landutako proiektua aurkezten. Azaroaren 15ean izango da haien txanda.