Errazkin eta Intxaurrandieta errugabetu dituen epaiari helegitea jartzea aztertuko du GHK-k

Uztarria.eus 2018ko urr. 25a, 14:46
IƱaki Errazkin Azpeitian egindako babes manifestazioan.

GHK-k astelehenerako ez-ohiko batzarra deitu du, eta litekeena da EAJk eta PSE-EEk helegitearen aldeko boza ematea. GHK-k epaia aztertzeko txosten juridikoa egin du, eta uste du "argudio garrantzitsuak" daudela errekurtsoa aurkezteko. Kontu Auzitegiak urrian errugabetu zituen bi lagunak, eta ebatzi zuen erraustegiaren proiektua "gaindimentsionatuta" zegoela.

Zubietako erraustegiaren epaitegietako bideak aurrera jarraitzen du; izan ere, GHK-k helegitea jarri nahi dio Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente ohia errugabetu zituen Espainiako Kontu Auzitegiaren epaiari. Astelehenean egingo du ez ohiko batzarra GHK-k, eta helegitea jartzeko proposamena mahai gainean izango dute kontsortzioko ordezkariek. EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin eraman zituen GHK-k Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara, eta litekeena da bi alderdiek helegitea aurkeztearen aldeko botoa ematea asteleheneko bilkuran. Helegitea jartzea onartuko balute, Espainiako Kontu Auzitegiaren beste sala batek aztertuko luke.

EH Bildu koalizioa Gipuzkoako Foru Aldundiko agintean zela, GHK-k bertan behera utzi zuen Zubietan errauste planta eraikitzeko aurreko legealditik martxan zen kontratua; EH Bilduk jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin —8,2 milioi ordaindu zizkion kontsortzioak adjudikazioa zuen enpresa taldeari—. 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har zezaten nahi zuten GHKren gaur egungo buruek; hau da, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen zuen akusazioak Errazkinentzat eta Intxaurrandietarentzat.

Dena den, joan zen urriaren 10ean jakinarazi zuen Espainiako Kontu Auzitegiak bi auzipetuen aldeko ebazpena. Apirilaren 12an epaitu zituzten bi lagunak Madrilen, eta Errazkini eta Intxaurrandietari arrazoia eman zien epaitegiak. Izan ere, auzitegiak ontzat eman ditu EH Bilduko agintari ohien argudioak, eta errugabetu egin ditu erraustegi plantaren proiektua bertan behera uzteagatik leporatzen zitzaizkien kontabilitate erantzukizunetatik. Auzitegiak ebatzi zuen erraustegiaren proiektua "gaindimentsionatuta" zegoela. Gainera, epaian jasota dagoenez, erraustegia gelditzeko hartutako erabakiak onura ekarri zion Gipuzkoari, proiektua martxan jartzeak kalte ekonomiko handiagoa eragingo zuelako.

GHK, baina, ez dago ados auzitegiaren erabakiarekin, eta txosten juridikoa egin du epaia aztertzeko. Txostenaren arabera, "gaindimentsionatuta" egoteak ez du galarazten errauste plantak funtzionatzeko aukera, eta GHK-k uste du epaiaren funtsa ez dagoela oinarrituta egin diren probetan. Horregatik, errekurtsoa jartzeko argudio garrantzitsuak daudela adierazi du.