Betirako itxi zuten

Uztarria.eus | Herria
2018ko urr. 25a, 15:27

Berritzeko eten zuten haren zerbitzua, ustez. Baina berritu beharrean, itxi egin zuten. 30 urte pasatu dira Urolako Trenaren agurretik. Itxiera haren bueltan erreportaje hau osatu zuten Ane Olaizola, Maialen Etxaniz eta Mailo Oiarzabal kazetariek 2018ko Uztarria aldizkarirako.

Duela 30 urte itxi bazuten ere, askok ondo gogoan dute oraindik Urolako Trena. Hondartzan eguna igarotzeko, ondoko herrietara garraiatzeko edota hiriburura iristeko ezinbesteko komunikabidea izan zen herritar askorentzat Zumarraga eta Zumaia arteko tren hura, eta erabiltzaile horiek ez dituzte ahaztu orduko bizipenak. 1988an, ordea, Eusko Jaurlaritzak behin betiko itxi zuen tren enblematikoa, eta erabakiak ezustean harrapatu zituen herritar asko. Itxieraren kontra, ugariak izan ziren herritarrek nahiz langileek egin zituzten mobilizazioak.

XX. mende hasierarako, Azpeitiko eta inguruko herritarrak hasita zeuden beste komunikabide bat eskatzen, orduko bide malkartsuak ordezkatuko zituen garraio modernoa, erosoa eta azkarra behar zutelako. Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak hartu zuen trena egiteko proiektuaren ardura, eta 1926. urterako prest zen garraiobide berria. Alfonso XIII.ak, orduko Espainiako erregeak, inauguratu ondoren ekin zion trenak merkantziak zein bisitariak garraiatzeari, eta horretan jarraitu zuen hurrengo 60 urteetan.

Espainiako bigarren tren elektrikoa izan zen Urolakoa, eta, beraz, mugarri bat ezarri zuen garai hartako gizartean. "Oso ondo eraikita zegoen, eta punta-puntako teknologia zuen. Egungo Abiadura Handiko Trenarekin aldera genezake tren hura", esan du Juanjo Olaizolak, Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak. Haren arabera, ingeniaritza lan "ikaragarria" egin zuten trena martxan jartzeko.

Hasierako berrikuntza igarota, ordea, bestelako itxura hartu zuen garraiobideak. Izan ere, Olaizolaren arabera, 60ko hamarkadatik aurrera erakundeek albo batera utzi zuten trena, eta ez zuten inbertsiorik egin hura mantentzeko: "Urteek aurrera egin ahala, mantenu falta ikaragarria zuen: esaterako, motorra erre egin zitzaion. Katenaria eta erraiak, berriz, oso gastatuta zituen. Miraria izan zen ezer ez gertatu izana".

Hori hala izanik, 80ko hamarkadan hasi ziren trenaren bideragarritasuna aztertzen. Orduko datuen arabera, urtean 500.000 eta 600.000 lagunek erabiltzen zuten garraioa, baina azken urteetan jaitsita zegoen trenez garraiatzen zuten material industrialaren kopurua. 1985etik 2003ra bitartean Azpeitiko alkate izan zen Jose Mari Bastidak gertutik bizi izan zituen Urolako Trenaren azken urteak, baina haren arabera, mantenu falta ez zen izan trena ixteko arrazoi bakarra. Hark adierazi duenez, trenaren inguruko azterketa ugari egin zituzten bera alkate zen bitartean, eta horietatik ondorioztatu zuten garraioa ez zela bideragarria. "Datuek erakutsi zuten bailaran ez zegoela nahikoa biztanle trena mantentzeko. Izugarrizko dirutza eskatzen zuen; ez zen errentagarria".

Tunelaren bestaldean argia ikusi ezinik hasia zen Urolako Trena, eta aurreikuspenak ezkorrak baziren ere, 1986an Eusko Jaurlaritzak –aurreko urtetik erakunde horrek zuen trenaren gaineko eskumena– Azkoitia eta Zumaia arteko trena eraberritzea erabaki zuen. Beraz, trenak joan-etorriak egiteari utzi zion, eta jaurlaritzak hainbat inbertsio egin zituen hurrengo urteetan. Besteak beste, erraiak aldatu eta nasak berritu zituen. Trena martxan jartzeko inbertsioak amaitu gabe zeudenean, ordea, gobernua aldatu zen Eusko Jaurlaritzan, eta Enrique Antolin sailburuak erabaki zuen behin betiko ixtea Urolako Trena, zerbitzua "bideragarria" ez zela argudiatuta.

Olaizolak eta Bastidak "penaz eta kezkaz" hartu zuten Urolako Trenaren itxieraren gaineko erabakia: penaz, herriak garraiobide bat galdu zuelako, eta arduraz, komunikazio berrien premian gelditu zirelako. "Azpeitia eta bailara osoa zulo batean geratu ziren, eta beste irtenbide batzuk bilatu behar genituen. Trena itxiko zutela jakin genuenean, gure borroka izan zen Elgoibarrera eta Zumaia aldera joateko errepidea hobetzea". Izan ere, Bastidaren ustez, herriarentzat "mesedegarriagoa" zen errepideak konpontzea, eta behin lan horiek egingo zituztela jakin zutenean "onartu" zuen trenaren gaineko erabakia. "Askotan sentimenduekin jokatzen dugu, baina ez dut uste Azpeitiak askorik galdu zuenik, beste zerbitzu eta azpiegitura batzuek ordezkatu baitzuten garraiobidea”. Olaizolak ere ildo beretik hitz egin du: "Azpiegitura bat kentzean, herriak asko galtzen du, baina irabazi ere egin zuen, errepide hobeak egin baitzituzten gero. Orduko arduradun politikoek errepideak hobetzea lehenetsi zuten, eta logikoa izan zen hori, garai hartan ez zegoelako garraio publikoaren kontzientziarik. Bailaran, ordea, sentimendu iluna utzi zuen trena konpontzen hasi eta gero hura ixtea erabaki izanak, engainatuak sentitu baitziren herritarrak".

Trena itxi zenetik, Burdinbidearen Euskal Museoak kudeatzen du Azpeitiko geltokietako bat. Azken urteetan, gainera, ugariak izan dira trena berriro martxan jarriko dutela dioten zurrumurruak. 2008an, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak plan bat osatu zuen, eta egitasmo horrek Azpeitia eta Zumaia artean merkantzia garraiatzeko tren zerbitzua indarrean jartzea aurreikusten zuen. Oraingoz, ordea, plana ez dute gauzatu, eta Bastidak eta Olaizolak ere ez dute uste hori gertatuko denik. Izan ere, alkate ohiaren arabera, ekonomikoki ez da posible trena berriz martxan jartzea, eta "astakeriatzat" jo du egitasmo hori: "Proiektua, ekonomikoki, ezingo litzateke gauzatu". Olaizolak, berriz, honako hau uste du: "Bailarak ez du egiten presiorik trena berriz martxan jartzeko. Izan ere, Marcial Ucin enpresa itxita dago, eta zama eramateko adina eskari ez dago. Bestalde, autobus zerbitzu ugari daude, eta jendea ohitu egin da autoz edo autobusez ibiltzera".

Herri presioa

Erakundeetako agintariek hartutako erabakiak –Urolako Trena ixteak– denetariko erreakzioak piztu zituen herrian. Baziren erabakia onartu zutenak ere, baina ehunka herritar agertu zen trenaren alde. Borroka hartan zarata asko atera zuen eragilea izan zen Urolako Trenaren Aldeko Komitea. Talde hartako kideak arduratu ziren trenaren aldeko mezua lau haizetara zabaltzeaz. Komiteko kide ziren Joxe Mari Iturria (Azpeitia, 1945), Miguel Angel Agirre (Azpeitia, 1958), Mitxel Igarataundi (Zestoa, 1961) eta Imanol Agirre (Azpeitia,1958). Urolako Trenaren itxieraren 30. urteurrenean berriro elkartu dira, aspaldiko partez. Elkarrekin gogoratu dituzte urte haietako borrokak.

Urolako Trenaren Aldeko Komitea bailarako sei herritako norbanakoek osatzen zuten. Eguzki talde ekologistaren bitartez hasi ziren elkartzen: "Orduan, Lemoizko zentral nuklearra zela eta, puri-purian zegoen nuklearren aurkako borroka, eta indartsu zegoen mugimendu ekologista. Gure eskualdean ere borroka ugariko urteak izan ziren haiek: antinuklearrak, Urolako Trena, Lapatx, Nuarbeko urtegia...". Komiteko kideen aburuz, Urolako Trenaren egoera ez zen "batere ona" erakundeetako agintariek hura ixtea erabaki zutenean. "Inauguratu zutenetik, apenas egin zuten inbertsiorik tren eta burdinbide haietan, mantenuari lotutako konponketak salbu", azaldu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiarena zen trenaren gaineko eskumena, eta urte batzuen buruan aldaketak izan zirela kontatu dute komiteko kideek: "Trena zama bat bihurtzen ari zenez, Eusko Jaurlaritzari pasatu zioten eskumena. Erakundeak Urola trenaren gaineko ikerketa bat eskatu zuen hura zein baldintzatan zegoen ezagutzeko eta zerbitzuarekin zer egin baloratzeko. Azterketaren emaitzek zioten Urolako Trena martxan jarraitzeak inbertsio handia eskatuko zuela; zerbitzuak bizirik jarraituko bazuen, ezinbestekoa zelako trenbideak eta bestelako azpiegiturak egokitzea. Behin egokitzapen eta berritze lanak eginda, tren zerbitzua bideragarria izango zela zioen txostenak. Inbertsiorik ez egitekotan, aldiz, Urolako Trenak etorkizunik ez zuela zioen azterlanak. Bi aukera horien aurrean, Eusko Jaurlaritzak Urolako Trena ixtea erabaki zuen".

Urolako Trenaren Aldeko Komiteko kideen iritziz, erabaki hura hartzea ez zen "une hartan" pentsatutako zerbait izan: "Ordurako bazegoen EAJren etorkizuneko inbertsioen inguruko plan estrategiko bat: Euskadi 2000 izeneko plana. Txosten hartan irakur zitekeen EAJren zenbait proiektu egin ahal izateko ezinbestekoa zela Urolako trenbidea bertan behera uztea. Beraz, aurretik pentsatuta zuten Urolako Trena ixtea, nahiz eta erabakia gerora atera zen argitara". Ekonomia krisia "nabaria" zela gogoratzen dute, eta sasoi hartan "inork" ez zuela trenaren aldeko apusturik egin nahi ere bai. Hala ere, erakundeek burdinbidea berritzeko lanak hasi zituztela azaldu dute komiteko lagunek: "Errepide sarea indartzea zen agintarien nahia. Dena den, Urolako Trena itxi baino lehen, agintariek diru dezente bideratu zuten trenbidea berritzeko lanetara, obra haiek, azkenean, ezertarako balio izan ez zuten arren".

Komiteko kideek adierazi dutenez, Azpeitiko EAJk Urolako Trenaren aldeko jarrera hartu zuen "hasieran", eta Udaleko zenbait agintarik bat egin zuen Urolaren aldeko komiteak deitutako hainbat mobilizaziorekin. Horrela gogoratu dute: "Egun batean, eskualdeko zenbait alkatek beren jarrera zein zen azaltzeko agerraldia egin zuten Loiolan, guk manifestazioa deitu genuen leku eta ordu berean. Guri primeran etorri zitzaigun hura, nahiz eta alderdi haren itxurakeria hutsa izan; ordurako bazekiten Urola itxiko zutela".

Itxieraren atzean baziren "interesak eta interesatuak", komiteko kideen hitzetan: "Alderdi politikoek eta enpresek interesak zituzten. Marcial Ucinek, esaterako, lantegia Landeta aldera handitu nahi zuen, eta trenbidea eremu horretan zegoenez, trena oztopoa zen enpresari harentzat. Azkoitiko Udalak Martirieta aldera zabaldu nahi zuen hango industriagunea. Behin Urola itxita, trenbidearen zati bana hartu zuten Marcial Ucin enpresak zein Azkoitiko industriaguneak".

Trenaren alde egindako bidean "etsai gogorrak" aurkitu zituztela gogoratu dute komiteko kideek. Baina haien ustez, agintean zeudenek "espero ez zuten zerbait" gertatu zen Azpeitian. "Herri oso bat irten zen Urola trenaren alde, baita agintean zeuden haien aldeko jendea ere. Milaka laguneko mobilizazioak izan ziren. Gazte gutxi, 30 urtetik gorako herritar ugari eta jubilatu asko mobilizatu zen. Orduan oso arraroa zen adineko jendea protestetan parte hartzen ikustea, baina kasu hartan zentzua zuen: jubilatuak ziren Urolako Trena gehien erabiltzen zutenak". Manifestazioez gain, "denetariko" ekintzak antolatzen zituen komiteak: parodia kritikoak, bizikleta martxak, kontzertuak...

Prentsak trenaren itxierari eman zion tratamendua "aipatzekoa" dela adierazu dute komiteko kideek: "Gure borrokari boikota egiten zioten hedabide gehienek. Bazirudien ez zegoela itxieraren kontrako jarrerarik. Hedabideen arabera, trenaren alde agertzen ginenok mistikoak eta jende arraroa ginen; gorriak eta komunistak. Gainera, Urolako Trenaren Aldeko Komitea ez zen existitzen haientzat. Hedabideek ez zuten erakutsi nahi bazegoela talde antolatu bat borroka hura elikatzen eta bultzatzen. Nahieran manipulatzen zuten informazioa".

Komiteko kideak bost urte inguruz aritu ziren trenaren alde borrokan, eta azpimarratu dute, "beste behin", agintariek irabazi zutela partida: "Guk, zoritxarrez, hasitako borroka gehienak galdu ditugu, eta ordurako danbatekoak hartzera ohituta geunden, agintean zeudenek beti beren interesen arabera hartzen baitzituzten erabakiak". Guda hura galdu zuten arren, Urolako Trenaren aldeko borroka herri ekimen bezala "mundiala" izan zela azpimarratu dute komiteko kideek.

Itxi arteko onik ez

Urolako Trenaren azken urteak barrutik ezagutu zituen Roberto Olaizolak (Azpeitia, 1961). Ez du zehatz gogoan, baina "18 urterekin-edo" hasi zen Urolan lanean, Azpeitiko geltoki nagusian, bertan lan egiten zuen bere aitaren pausoak jarraituta. "Zentralean egiten nuen lan, goizez, indar-etxean. Trena abian jartzeko hari indarra ematea zen nire eginkizuna. Goizeko lehen trena, seiretakoa, irteterako denak prest egon behar izaten zuen. Zortzi orduko lan jarduna izaten zen. Goizean goizeko prestaketak egin ondoren, zaintza lana egiten genuela esan daiteke; indarra erortzen bazen, zerbaitek huts egiten bazuen, berriro dena martxan jartzeko", kontatu du.

Bere lantokia, indar-etxea, "trenak gelditzen ziren pare horretan" zegoela gogoratzen du Olaizolak. Baina lantoki eta tailer gehiago ere baziren herriko geltoki nagusian: "Gure aitak lan egiten zuen elektrizitatearen gunea, aroztegiak, trenak garbitzen zituzten tokia... Denetariko jendeak egiten genuen lan, jende mordoa ginen, goiz eta arratsalde, bi lanalditan banatuta. Esandakoez gain baziren makinistak, txartelak pikatzen zituztenak, geltoki buruak, errailetan ibiltzen zen jendea, trenek matxuraren bat zutenean tailerrean konponketak egiten zituztenak...". Azpeitian bakarrik, langile asko.

Olaizolak 26 urte zituen trena itxi zutenean. Bera, hala ere, ez zen lanik gabe gelditu: Durangora bidali zuten Eusko Trenekoek, hango geltokiko tailerrean lan egitera. Azpeitian lankide izandako gehiago ere hara lekualdatu zituzten. "Bospasei joaten ginen hemendik, kotxean. Beste batzuk Errenteriara ere bidali zituztela dut gogoan. Nik pare bat urte egin nituen Durangon". Ordurako Eibar futbol taldean jokatzen hasita zegoen azpeitiarra.

Urolako Trena itxi zuteneko sasoia ez zen, noski, samurra izan langileentzat. "Zurrumurruak entzuten ziren, trena itxiko zutela iragarri aurretik", dio Olaizolak. Antzuak suertatuko ziren herritarren eta langileen mobilizazioak ditu gogoan. "Eginahalak egin ziren Urolako Trena ez ixteko, egundoko manifestazioak, baina alferrik. Langileok ere ibili ginen, batera eta bestera mugitu ginen, manifestazioetara. Langile asko ginen, gainera. Baina zirt-zart itxi zuten, ia konturatzerako, arraroa izan zen; oroitzapen hori daukat nik behintzat. Protestetan ibili ginen, gerora ere bai, baina haiek berea egin zuten", adierazi du, agintariek hartutako erabakiak atzera bueltarik ez zuela jabetuta.

Itxi zutenean, trena "zaharkituta" zegoela onartzen du Olaizolak, baina Urola bailarari eskaintzen zion zerbitzua nabarmendu du. "Jende askok erabiltzen zuen. Uda partean eta, geu ere askotan joaten ginen kostara trenean, erosoa zen eta. Zaharra zela? Bai. Baina bere funtzioa betetzen zuen, zerbitzu ona ematen zuen, egiten zuen kilometro gutxiko ibilbidean. Ikusi besterik ez dago, trenik gabe, hemendik Zumarragara edo Zumarragatik Zumaiarako joan-etorriak nola gelditzen diren", egin du gogoeta.

Eta gogoetarekin jarraitzen du, orduan gertatutakoa gaur egungoekin uztartuta. "Neuk ez nuen ulertzen trena ixteko erabakia, baina agintariek behin gauza bat pentsatzen dutenean... 30 urteren ondoren garai hartara begiratuta, baterako eta besterako zenbat diru erabiltzen den ikusita, berritzea bazutela pentsatzen duzu. Beste toki denetan dago trena, hemen izan ezik. Baina, ez dakit, itxi arteko onik ez zuten izan; beraiena lortu zuten eta aurrera, beste denak kalera bidalita".

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu