'Mikrouhinak' saioa

Herritarrak matxinatzeko prest

Uztarria.eus 2018ko urr. 24a, 13:04

Ehundik gora herritarrek larunbatean taularatuko dute Matxinada herri antzerki musikatua Soreasu antzokian, eta atzo egin zuten entsegu orokorra antzoki horretan bertan –bideoan ikus daitezke entseguko irudiak–. Imanol Elias idazle eta antzerkigile azpeitiarrak idatzitako obra eskainiko dute 22:00etan hasita, eta emanaldi horrek zabalduko ditu Azpeitiko XXXVI. Euskal Antzerki Topaketak. Besteak beste, hainbat aktorek, musikarik, abeslarik eta herriko kultur taldek parte hartuko dute Matxinada ikuskizunean.

Gariaren Matxinada deiturikoa Azkoitian eta Azpeitian gertatu zen, jauntxoek gariaren prezioa igo eta herritarrak matxinatu zirenean. 1766. urtean gertatutakoak ederki kontatu zituen Iñigo Aranbarrik Apirila eleberrian. Duela urte pare bat, gertaeren 250. urteurrena izanik, Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Kultur Mahaiak hainbat ekimen antolatu zuten urteurren hori gogoratzeko eta ospatzeko, herriko historia ezagutarazteko helburuz. Efemerideak animaturik, Eliasek idatzitako antzezlanari heldu eta hura taularatzeko erronkari heldu zion Azpeitiko Kultur Mahaiak, herriko sortzaileekin egiteko eta ondo egiteko modua zegoela sinetsita.

Uztarriak, Urola Kostako Hitzak eta Kulturazek ekitaldi horren harira Mikrouhinak bideo sortarako egindako ikus-entzunezkoa da honako hau.