Zortzigarren etapa eginda, amaitu da Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoa

Uztarria.eus 2018ko urr. 24a, 12:49

Bukatu da urtearekin batera hasi zen Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoa. Joan zen larunbatean egin zuten zortzigarren eta azken etapa Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako egitasmora animatu zirenek. Hamalau kilometroko ibilaldia izan zen, Getxotik Bilbora artekoa. 

Goizean abiatu ziren Azpeititik Getxo aldera autobusez, 08:00ak aldera. Bidean Hazparneko lagunak jaso ostean, parte-hartzaileak 09:20 inguruan iritsi ziren Getxora. Orotara, 56 lagun animatu ziren txangora. Eguraldiak ez zuen oztoporik jarri, eta nahiz eta ibiltzeko egokia izan, zerua lainotuta eta triste egon zen.

Getxotik Portugaletera gurutzatzeko Bizkaiko Zubitik pasatu ostean, Portugaletetik Sestaora hartu zuten parte-hartzaileek. Hori pasatu ostean, Barakaldon sartu ziren, eta Zorrozagatik iritsi ziren Bilbora. Bertan egin zuten eguneko geldialdia. Ibilaldia amaitzeko, Bilbon ezagunak diren guneak ikusi zituzten, hala nola San Mames, EITB, Euskalduna, Guggenhein eta Arriaga antzokia. Han bukatu zuten txangoa, taldeko argazkia aterata. Hamasei lagunek egin dituzte Azpeitia-Bilbo 2018ko zortzi etapak. 

Egitasmoari behar bezalako amaiera emateko, iluntzean afaria egin zuten Lagun Onak mendi bazkunaren tabernan, lagun giro jatorrean. Afari amaieran, Azpeitia-Bilbo 2018-ko argazkiekin osatutako bideoa ikusteko aukera izan zen. Afaltzera animatu ziren lagunek gustura ikusi zituen bildutako argazki guztiak, eta gustura errepasatu eta gogoratu zituzten egitasmoak utzi dituen momentuak. 

2019rako beste egitasmo bat prestatzeko gogoz dago Lagun Onak mendi bazkuna dagoeneko. 

Ibilaldietako argazki gehiago hemen ikus daitezke: https://flic.kr/s/aHsmuecBcd