Psikologia positiboaz ikastaroa izango da azaroan hasita

Uztarria.eus 2018ko urr. 24a, 10:43

Ilusioz bizitzeko osagaiak izenburupean eskainiko du lau saioko ikastaroa Pablo Cuevas irakasleak. Deustuko Unibertsitatearekin duen hitzarmena tarteko antolatu du saioa Udalak. Azaroaren 8a bitartean eman ahal izango da izena ikastaroan, Gizarte Zerbitzuetara bertaratuta edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita. Azaro bukaeran eta abenduan beste bi jardunaldi ere izango dira: bata, adineko pertsonen ingurukoa, eta Big Datari buruzkoa, bestea.

Udazkeneko formazio saioak osatzen ari da Udala dagoeneko, eta azaroarekin iritsiko da lehen ikastaroa; izan ere, erakundeak Deustuko Unibertsitatearekin duen hitzarmenari esker, Ilusioz bizitzeko osagaiak izenburudun ikastaroa eskainiko du Pablo Cuevas irakasleak. Psikologia positiboan aditua da Cuevas, eta Poziktiba psikologia zerbitzuetako zuzendaria da. Adimen Emozionaleko Patzuergoko eta Psikologia Positiboko Espainiako Elkarteko kidea ere bada, baita Deustuko irakasle laguntzailea eta Entrenando Emociones webgunearne arduraduna ere. 

Azaroaren 12an, 19an eta 26an zein abenduaren 3an, 10ean eta 17an (astelehenak) izango dira ikastaroko saioak, 16;30etik 18:30era bitartean, Baigerako laugarren solairuan. Azaroaren 8a bitartean eman ahal izango da izena Udaleko Gizarte Zerbitzuetara bertaratuta edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita. Azpeitiarrek 14,40 euro ordaindu beharko dute ikastaroa, eta gainerakoek 18 euro. Saioetan emozio positiboen garrantziaz eta horien existentziaz ariko dira hizketan, eta alde praktikoa ere landuko dute, lantegietan erabili ohi duten metodologiaren bidez. 

Beste bi jardunaldi

Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean, bi jardunaldi ere antolatu ditu Udalak. Horietako bat adineko pertsonen egungo egoerari eta haien erronka nagusienei buruzkoa izango da, eta abenduaren 18an egingo dute. Bestea, berriz, Big Dataren ingurukoa izango da. Azaroaren 29an eta abenduaren 12an izango dira saioak. Udalak jakinarazi duenez, datak gerturatu ahala emango dute horien berri.