Haurdun dauden emakumeentzat tailerra eskainiko dute Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2018ko urr. 23a, 20:16

Haurdunaldi eta erditzerako ariketa lagungarriak eskainiko dituzte saioetan, baita yoga eta pilateseko luzatze ariketak ere. Astelehenetan eskainiko dute tailerra. Izen-ematea zabalik dago.

Eman daiteke izena Azpeitiko Emakumeen Txokoak haurdunentzat antolatutako tailerrean. Ikastaroan parte hartzen dutenek, haurdunaldi eta erditze garairako baliagarriak izango diren ariketa lagungarriak ikasiko dituzte. Horrez gain, arnasketa eta erlaxapen teknikak, yoga zein pilateseko luzatze ariketak eta umearekin kontaktatzeko ariketak egingo dituzte, erditze kontzientea xede. 

Saioak astelehenetan eskainiko dituzte, 18:30etik 20:00etara bitartean, Emakumeen Txokoan bertan. Ikastaroak ez du epe mugarik. Hau da, ikastaroan parte hartzen duen emakume bakoitzak erditu arte izango du saioetara joateko aukera. Eskolak gidatzeaz Edurne Salegi arduratuko da. 

Ikastaroan izena eman nahi edo informazio zabalagoa nahi dutenek, Emakumeen Txokora (943-15 70 55) edo Parekidetasun Sailera (943-15 79 28) jo behar du.