Azpeitia inguruetan erregaiak ustiatzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak

Uztarria.eus 2018ko urr. 23a, 21:01
Wikipediatik hartutako irudian, 'fracking' ustiaketa proiektuak Euskal Herrian, tartean Eusko Jaurlaritzak baimendutako Lorea, Sustraia eta Landarre eremuak. (Argia.eus)

2011n Gipuzkoako eta Bizkaiko lau eremutan hidrokarburoak bilatzeko baimena eskatu zuten bi enpresei lanok egiteko aukera eman die Jaurlaritzak. Eremu horietako bat, Landarre, Azpeitia inguruetan kokatzen da. Orotara, 37.314 hektarea ditu. Udalak "harridura" eta "ezjakintasuna" agertu du albistearen aurrean. Zundaketa lanetan fracking teknika erabiliko ez dela aipatu duten arren, erregaiak ustiatzeko emandako baimenak "kezka" eragin du Euskal Herriko mugimendu ekologistan.

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Gipuzkoan eta Bizkaian kokatzen diren hiru lur eremutan hidrokarburoak bilatzeko eta zundaketa lanak egiteko. Eremu horiei Landarre, Lore eta Sustraia izena eman die Jaurlaritzak, eta Gipuzkoaren bihotzean kokatzen den Landarre izeneko eremuan Azpeitia dago. Orotara, 37.314 hektarea ditu Landarrek. Jaurlaritzak joan zen urriaren 16an argitaratu zituen zundaketak egiteko baimenok Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.  

Dekretuaren arabera, bi enpresek egingo dituzte hidrokarburoak ustiatzeko lanak, SHESA Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi SAk eta Petrichor Euskadi Coöperatiefek, eta orotara, 1.300 kilometro koadrotan egin ahal izango dituzte lanok. Enpresa horiek 2011n eskatu zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko lau eremutan zundaketa lanak egiteko baimena, baina Jaurlaritzak hiru leku soilik hartu dizkie ontzat; tartean, Landarre. Zundaketak "ahalik eta ingurumen kalterik txikiena egiteko" enpresek hartu beharko dituzten neurriak zehaztu ditu Jaurlaritzak agintaritzaren aldizkarian. Jaurlaritzaren arabera, Lore, Sustraia eta Landarre eremuetako ustiaketa lanak "ohiko teknikak erabiliz" egingo dituzte, eta ez haustura hidraulikoz edo fracking bidez. Dena den, Euskal Herriko mugimendu ekologistako zenbait eragilek "kezkaz" hartu dute Jaurlaritzaren azken erabakia. 

Azpeitiko Udalak "harridura" eta "ezjakintasuna" agertu du Jaurlaritzak esleitutako baimenen aurrean. Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, Udaleko arduradunek Interneten irakurritako albiste bati esker jaso zuten Jaurlaritzak emandako baimenen berri. Dekretuaren atzean zer dagoen jakin arte Udalak "informatzen" jarraituko duela azpimarratu du Bereziartuak.  

Eusko Legebiltzarrak 2017ko ekainean onartu zuen lurpetik erregaiak haustura hidraulikoaren –fracking– bidez ateratzea galerazten zuen legea. Aurretik, 100.000 lagunek sinatuta iritsi zen herri-ekimen legegilea EAEko parlamentura. 2018ko urtarrilean, ordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legearen zatiak baliogabetu zituen.