Gizon bat atxilotu du Ertzaintzak auto batean lapurreta egitea egotzita

Uztarria.eus 2018ko urr. 22a, 19:58

Loiolako Ekoetxearen ondoko aparkalekuan atzeman zuten 45 urteko gizona, aparkatuta zegoen auto bat indarrez zabaltzeagatik. Azken egunetan hainbat lapurreta izan da Azpeitian eta Azkoitian, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du. Atxilotutako gizonak aurrekariak ditu, beste lapurreta delitu bat tarteko

Atzo, igandea, 45 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Azpeitian, aparkaleku batean zegoen auto batean lapurretan aritzea egotzita. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 09:30ak aldean hasi zen gertakaria, Loiolako Inazio Hiribideko aparkaleku batean. Ertzaintza inguru hori zaintzen ari zen, azken egunetan autoetan indarrez hainbat lapurreta egin dutelako Azpeitian eta Azkoitian. Han denbora bat pasatu ostean, Loiolako Ekoetxea ondoko aparkalekura lekualdatu zen Ertzaintzak susmagarritzat zuen furgoneta, eta han atzeman zuten gizona. Izan ere, Ertzaintzaren arabera, ibilgailu bat bortxaz zabaltzen saiatu zen bertan gizona.

Atxilotutako gizonak aurrekariak ditu, beste lapurreta delitu bat tarteko. Gizona atxilotu ostean, furgoneta erregistratu zuen Ertzaintzak, eta horien arabera, susmagarriak bihurkin bat zuen ibilgailuaren barruan. Gainera, aparkatuta zegoen auto baten leihoa "indarrez zabalduta zegoen, eta barruko gauzak nahasita". Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, antzeko lapurreta batzuk ere izan direlako azken egunetan, eta atxilotutako gizonak gainerako lapurretekin zerikusia al duen ikertzen ari dela esan du erakundeak.