Eraikin berritua inauguratu du Iraurgi Ikastetxeak

Uztarria.eus 2018ko urr. 22a, 11:17

Joan zen ostiralean inauguratu zuen Iraurgi Ikastetxeak eraikin eraberritua. Aurreko ikasturtearen zati bat eraikin berrituan egin zuten ikasleek, eta hantxe hasi dute sasoi berria ere, baina aste batzuetara egin dute inaugurazio ekitaldia. Ikastetxeko jolastokian elkartu ziren ikasleak, irakasleak, gurasoak, ikasle ohiak nahiz hainbat erakundetako ordezkariak, hala nola Eneko Etxeberria alkatea, Aitor Bereziartua eta Aitor Gorrotxategi zinegotziak, Kepa Susperregi Azpeitiko parrokoa eta Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina.

Aitor Cordoba Iraurgi Ikastetxeko zuzendariak hartu zuen aurrena hitza ekitaldian, eta hark gogorarazi zuen 2002tik duela ikastetxeak gaur egungo egitura. "Ordutik, euskara, euskal kultura eta kristau baloreak ditugu ardatz. Lan metodologia berria eta berritzailea daukagu, eta eraikin hau izan dugu amets", azaldu zuen. Hark aberastasuna "barruan" dagoela adierazi zuen. "Irakasle, ikasle, guraso... Komunitatean dugu aberastasuna, eta eraikin honek eskaitzen dizkigun aukerak aprobetxatzen asmatu behar dugu orain". Ondoren hartu zuten hitza Eneko Etxeberria alkateak nahiz Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak, eta ikastetxeko haurrek, gurasoek eta irakasleek ere parte hartu zuten ekitaldian. Bertaratutako herritarrek dantzaz eta kantez gozatu ahal izan zuten.

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)