Liburutegiak ipuin kontaketa saioak hasiko ditu etzi, Liburutegien Nazioarteko Egunean

Uztarria.eus 2018ko urr. 22a, 13:23

Haur eta gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, XXIX. urtez antolatu ditu Udal liburutegiak ipuin kontaketa saioak. Guztira, zortzi emanaldi izango dira urtea amaitu bitartean. 

Datorren asteazkena Liburutegien Nazioarteko Eguna izango da, eta egun hori aitzaki hartuta, Azpeitiko Udal Liburutegiak ume eta gaztetxoei zuzendutako ipuin kontaketen saioak hasiko ditu. XXIX. urtez antolatu ditu liburutegiak saioak, eta haur eta gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, guztira zortzi emanaldi eskainiko dituzte.

Ixabel Agirresarobek izango da aurreneko ipuin kontalaria, eta 4 eta 8 urte bitarteko umeei eskainiko die saioa. Urriaren 29an, astelehenean, berriz, Lupe Lekuonak Haur Hezkuntzako 4. mailakoei zuzendutako die ipuin kontaketa; azaroaren 5an, astelehenan, izango da hurrengo hitzordua, eta Pello Añorga joango da H.Hko 5. mailako ikasleei ipuinak kontatzera; azaroaren 12an, berriz, Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarrengo mailakoei eskainiko die saioa Miriam Mendozak; hurrengo astelehenean, azaroaren 19an, Maite Frankoren txanda izango da, eta H.H 4. mailakoei kontatuko dizkie ipuinak; azaroaren 26an, berriz, Eneko Haritza izango da H.Hko 5. mailakoei ipuinak kontatzen; abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute, eta 4 eta 8 urte bitarteko umeentzako kontakizunak izango ditu Lur Usabiagak; abenduaren 10ean izango da urteko azken ipuin kontaketa, eta Yolanda Arrietak itxiko du sasoia, L.Hko lehen bi mailetako umeei eskainiko dizkien ipuin kontaketekin.

Ipuin kontaketa guztiak 18:00etan hasiko dira.