Larraitz Larrañagak eta Amets Amubietak hirugarren egin dute Euskal Herriko Dantza Txapelketan

Uztarria.eus 2018ko urr. 22a, 12:27

Larrañaga eta Amubieta 69 punturekin sailkatu ziren hirugarren, eta 500 euro eta oroigarria eskuratu zituzten. Hamalau bikotek parte hartu zuten txapelketan, eta dantzari horietatik 12 azpeitiarrak izan ziren.

Euskal Herriko 42. Dantza Txapelketa izan zen zapatuan Seguran, eta hirugarren sailkatu ziren Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta azpeitiarrak. Hamalau bikotek parte hartu zuten txapelketan, eta Idoia Beasada eta Xabier Artola nagusitu ziren, 74 puntu eskuratuta –iaz ere beraiek nagusitu ziren–. Ane Urruzola eta Iker Sanz izan ziren bigarren, 73 punturekin, eta hirugarren sailkatu ziren Larrañagak eta Amubietak 69 puntu jaso zituzten. Azpeitiarrek 500 euro eta oroigarria jaso zituzten saioa bukatzean. Jendetza izan zen larunbat arratsaldean Segurako Baratze pilotalekuan saioaz gozatzen. Parte hartu zuten 28 dantzarietatik 12 azpeitiarrak izan ziren.

Iaz ere hirugarren sailkatu ziren Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta azpeitiarrak Segurolako txapelketan. Aldizkariaren 209. zenbakian, urrikoan, Larrañagarekin eta Amubietarekin osatutako erreportajea argitaratu du Uztarriak.