75 gidari eta "emozio handia", XXXVI. Urrakiko Igoeraren atarian

Uztarria.eus 2018ko urr. 18a, 15:08
Atzo aurkeztu zuten autoen XXXVI. Urrakiko Igoera. Bertan ziren, Lagun-Artea eskuderiako eta Udaleko ordezkariak. (Maialen Etxaniz)

Igande goizean jokatuko da proba, eta Euskal Herriko eta Gipuzkoako Mendi Txapelketarako puntuagarria den azken lasterketa izango da. Iaz baino hamabost gidari gehiagok eman dute izena aurtengo edizioan. Zapatuan, 16:00etatik aurrera, egiaztatze probak egingo dituzte Epaitegiaren aurreko aparkalekuan.

Ate joka dago autoen XXXVI. Urrakiko Igoera. Izan ere, igandean, urriaren 21ean, jokatuko da Lagun-Artea eskuderiak antolatutako lasterketa, Euskal Herriko Mendi Txapelketako azken proba izango dena. Orotara, 75 pilotuk eman dute izena 6,7 kilometroko proban, iaz baino hamabost gehiagok. Antolatzaileen hitzetan, "zerrenda polita" osatu dute aurtengoan, eta "emozio handia" espero dute. Parte-hartzaileen artean izango dira Asier Bidaburu eta Aitor Zabaleta, Euskal Herriko Mendi Txapelketa eskuratzeko lehian arituko direnak, hain zuzen. Horiez gain, nor baino nor arituko dira Jokin Aiertza, Iñaki Alberdi, Iokin Agirre eta Jon Arregi, besteak beste. 

Urrakiko igoera igandean izango den arren, ohi bezala, komisarioek zapatuan egingo dituzte egiaztatze administratiboak eta teknikoak, Garoa kafetegian eta Epaitegi ondoko aparkalekuan, 16:00ak inguruan hasita. Igandean, 10:00etan ekingo diote entrenamendu saioei, eta horien atzetik etorriko dira bi manga puntuagarriak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Urraki mendatea igandeko 09:00ak aldera itxiko dute autoentzat. 

Monoplazak eta turismoak

Monoplazetan, Aitor Zabaletak eta Asier Bidaburuk Euskal Mendi Txapelketa dute jokoan. Zabaletak, bere Lola BMW autoarekin, hamalau aldiz irabazi du Urrakiko Igoera, eta antolatzaileen hitzetan, "oso ondo" ezagutzen du bidea. Gainera, proba amaitzearekin bakarrik jantziko luke Euskal Mendi Txapelketako txapela. Asier Bidaburu, berriz, "indar handiz" sartu da aurten txapelketan, Lagun-Artea eskuderiako kideek azaldu dutenez. Hori horrela, denboraldian zehar Bidaburuk "ikuskizun oso politak" utzi dituela nabarmendu dute Urrakiko Igoeraren antolatzaileek. "Zabaletaren aurkaririk nagusiena bihurtu da", diote. Angela Vilariño ere monoplazen kategorian aterako da bere BRC B52 autoarekin, eta 2005ean lortu zuen podiuma lortzen saiatuko da. 

Turismoen kategoriari dagokionez, Jose Antonio Lopez Fombona beteranoaren izena nabarmendu dute probaren antolatzaileek. "Fombona 600 CV baino gehiago dituen Lamborghini Huracan ikusgarriarekin etorriko da. Pilotu asturiarra beti faboritoa izan ohi da joaten den leku guztietan, baina aurkari handiak izango ditu oraingo honetan", azaldu dute Lagun-Arteako kideek. Izan ere, Urrakin izango den Bruno Scherer pilotua "oso denboraldi ona" egiten ari dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta haien hitzetan, Schererrek "ia-ia" eskuetan du titulua. Jokin Aiertza Mitsubishi EVO IXarekin ariko da Urrakiko Igoeran, eta euria egitekotan, txapelduna izateko "aukera asko" dituela uste dute probaren arduradunek. Etxeko pilotuak, Iokin Agirre, Gurutz Agirretxe eta Xabier Beloki ere, –denak BMW M3 autoarekin– lanak ahalik eta ondoen bukatzen saiatuko dira, eta batez ere "igoera on bat" egitea dute helburu. 

Historikoen kategorian, "benetako bitxiak" izango direla azpimarratu du Lagun-Artea eskuderiak: "Esaterako, Jabi Gorbearen eta Rafa Diazen Simca Rallye autoa zein Jesus de la Fuenteren Seat 124 autoa. Eta nola ez aipatu Iñaki Alberdi azpeitiarra eta bere Ford Escort MK-II autoa. Lehenengo postuetako bat lortzeko borrokan arituko da Alberdi". 

Jon Arregi (Abarth Punto EVO), pilotuarentzat "urteko probarik ederrenetako bat" da Urrakiko Igoera: "Urte guztia ematen dugu honen zain. Guretzat ibilbidea nahiko erraza da. Hori bai, nahiago dut lehorrean aritzea". Iritzi berekoa da Iokin Agirre (BMW M3). Haren hitzetan, "itxura ederra du igandeko probak". 

Segurtasun neurrien garrantzia

Proba ikustera bertaratuko diren zaletu guztiei gogorarazi diete antolatzaileek "erabat debekatuta" dagoela ibilibidean aparkatzea. Horrez gain, proba ikusteko leku garai eta seguruan jartzea komeni dela esan dute, komisarioek emandako jarraibideak beteta eta debekatuta dauden guneak errespetatuta. Gune horiek plastikozko zinta gorriz adierazita egon ohi dira. Horrez gain, hondakinak bakoitzak bere etxera eramatea eskatu dute, zaborrik ez dadin pilatu inguruetan.