Igor Meltxor: "Oso garrantzitsua da herritarrak apustu etxeen rolaz sentsibilizatzea"

Uztarria.eus 2018ko urr. 18a, 13:32

Zer dago apustu etxeen atzean? Galdera horri erantzun zion atzo, asteazkena, Igor Meltxor kazetari, ikertzaile eta analista politikoak Sanagustin kulturgunean eskainitako hitzaldian. Apustu etxeen gaia puri-purian dagoen honetan, gai horren inguruko lanketa egiten ari da Elkar-ekin taldea Azpeitian. Bide horretan, apustu etxeen negozioa eta afera gizarteratzeko eta herritarrak gaiaz sentsibilizatzeko hainbat ekintza egiten ari da azken hilabeteotan. Ekintza horien artean, atzoko hitzaldia. Adin guztietako dozenaka herritar gerturatu zen kulturgunera, analista politikoak emandako azalpenak eta datuak ezagutzera. 

Meltxorrek publizitate enpresek apustu etxeen atzean dagoen negozioan jokatzen duten rola azpimarratu zuen atzoko saioa hastean. Horrez gain, hizpide izan zituen alderdi politikoek eta politikariek jokoaren negozioaz erakutsitako interesa. Kirolak apustu etxeekin duen lotura zuzenari ere egin zion erreferentzia Meltxorrek, eta esan zuen kirolak gazteengan duen eragina "izugarria" dela; esaterako, eskupilotak. Horren harira, apustu etxeen negozioaren atzean, besteak beste, Asegarce eta Codere enpresak ezkutatzen direla aipatu zuen ikertzaileak. Futbol taldeez ere hitz egin zuen kazetariak. Haren hitzetan, "gaur egun, Reala da apustu etxeen publizitaterik egiten ez duen klub bakarra", baina gogoratu zuen hori gaur egungo kontua dela. Gai batzuen inguruko hausnarketa egin ez ezik, datu zehatzak ere eman zituen Meltxorrek. Haren arabera, 2017. urtean Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, orotara, 340 miloi euro bideratu ziren denetariko apustuetara, 2012. urtean bideratutako diru kopurua baino %113 gehiago. 

Azpeitira begira jarrita, Elkar-ekinek egindako lana eskertu zuen Meltxorrek. Analista politikoak adierazi zuenez, Azpeitiak ez du apustu edo joko etxeak zabaltzen dituzten ohiko herrien profila: "Azpeitia ez da langileen periferiako herri txiki bat, baina norbaitek baditu interesak hemen". Horregatik, herritarrak kontzientziatzearen garrantzia azpimarratu zuen Meltxorrek: "Oso garrantzitsua da herritarrak apustu etxeen rolaz sentsibilizatzea". Bide horretan, kazetariak esan zuen "alerta egoeran" egotea "ezinbestekoa" dela, eta gaiaren aurrean "jarrera aktiboa" hartu behar dela.

Analista politikoak bere hitzartzea amaitu zuenean, zenbait herritar galderak egitera animatu zen. Esaterako, erakundeek eta Udalek apustu etxeen aurrean duten jarrera izan zuten hizpide, eta galdetu zuten zenbateko eskumena duten erakunde horiek apustu etxeen irekiera gelditzerako garaian. Elkar-ekineko kideek esan zuten Azpeitiko Udalak apustu etxeen "kontrako jarrera" erakutsi diela taldeko kideei. Eneko Etxeberria alkatea ere hitzaldian zen, eta hurak azaldu zuenez, Udalek ez dute "apenas eskumenik" apustu etxeen gainean.