Iban Hernandez: "Gogorra izango da etzikoa, baina oholtzara igotzeko irrikitan nago"

Uztarria.eus 2018ko urr. 18a, 15:10
Iban Hernandez, Necros Christosen kontzertu batean. (Saskia Gaulke)

Necros Christos eta Extinction taldeetan jotzen du Iban Hernandez bateria-jotzaileak (Azpeitia, 1986) eta biekin ariko da zapatuan Sanagustin kulturguneko metal gauean (22:30). Numen taldeak borobilduko du gaua.

Etzi lan bikoitza izango duzu Sanagustinen. Egokitu al zaizu halakorik inoiz?

Bai. Berlingo lagun batzuekin dudan Antiligent taldearekin Euskal Herrian biratxo bat egiten ari ginela, Legen Beltzarekin batera jotzeko aukera suertatu zitzaigun. Gau hartan ere tokatu zitzaidan bi kontzertu segidan ematea. Larunbatekoa zailagoa izango da, ordea. Extinctionekoa zein Necros Christosekoa dira bateria-jotzaile bezala eduki ditudan lan gogorrenak, eta biak gau batean... Gogorra izango da etzikoa, baina oholtzara igotzeko irrikitan nago!

Necros Christos ibilbide luzeko taldea da. Noiztik ari zara haiekin jotzen?

2013an hasi nintzen. Randy Blackekin hartzen nituen bateria klaseak garai hartan. Nik ez nekien, baina berak eta Necros Christoseko gitarristak Duskmachine izeneko talde bat zuten elkarrekin. Necros Christosek bateria-jotzaile berria behar zuela jakin zuenean, Randyk ni proposatu ninduen. Betirako eskertuko diot ate hori ireki izana, Necros Christosen hasteak musika bizitzeko eta ulertzeko eran aldatu ninduelako eta mundu osoan biran ibiltzeko aukera eman zidalako. Otsailean bira berria egingo dugu Europan, eta harako prestatzen ari garen set-list-a joko dugu Azpeitian.

Aurten atera duzuen disko hirukoitza, Domedon Doxomedon, aurkeztuko duzue Azpeitian. Nolako lana da? Zer harrera ari zarete izaten?

Death metala oso modu pertsonalean eta berezian jorratzen duen 113 minutuko diskoa da. Lau urte behar izan ditugu hura idatzi, aurre-produkzioa egin, grabatu eta kaleratzeko. Den-dena geuk egin dugu, baita azala ere. Sepulchral Voice gure diskoetxearen laguntza ezinbestekoa izan da; beste edozeinek zoratuta al gauden galdetuko zukeen, bi orduko disko batekin azalduz gero. Gaur egungo musika industriaren kontzeptuari muturrekoa ematea da horrelako disko bat kaleratzea. Jende gutxi geratzen da bi orduko disko bat entzuteko prest dagoena edo horretarako denbora duena. Arrisku handiko apustua zen, baina hara non, jendearen harrera eta salmentak izugarriak izan dira. Alemaniako disko salduenen zerrendan sartu ginen, diskoetxe independente batekin eta death metaleko bi orduko disko batekin! Hori bai ez genuela espero...

Extinctionen, berriz, Legen Beltzan ere taldekide duzun Ekaitz Garmendiarekin aritzen zara. Zeu Berlinen bizita, nola moldatzen zarete?

Ekaitz eta biok ezagutzen gaituenak badaki bereiziezinak garela, Garmendipeko etxe berean jaio ginen, eta elkarrekin musika egiten hasi ginenetik, ez gara banandu. Legen Beltza, Jon & Sugramas, Clockwork eta Extinction taldeetan aritu gara biok, eta etorriko direnak! Ekaitz pertsona eta musikari bikaina da, eta elkarrekin dugun esperientziak elkarlana asko errazten du. Azpeitikoa Extinctionen bigarren emanaldia izango da; Dimako Dimetal Fest-en eman genuen lehena. Ostegun gauean heldu ginen Ekaitzen etxeko Black Storm estudiora, Andoni [Bassman] baxu-jotzailea Madrildik eta ni Berlindik; egun bakarra izan genuen entseatzeko. Orain ere antzera ibiliko gara, baina etxeko lanak eginda ekarrita, posible da horrelakoak egitea.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.