Xanti Rodriguez, 'Lekaime' etxean aurkezteko prest

Uztarria.eus 2018ko urr. 18a, 20:40

Bihar aurkeztuko du Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarrak Sitgesko zinema jaialditik iritsi berri zen Lekaime film laburra. Soreasu antzokian emango du bere azken lana Rodriguezek, 21:00etan hasita. Azpeitiarrak idatzi, ekoiztu eta zuzendu du, besteak beste, magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak uztartzen dituen hamazazpi minutu pasako film laburra. Fantasia eta beldurrezko generoak ere uztartu ditu, joan den mendeko 40ko hamarkadan kokatu duen istorioa kontatzeko; "Hitlerrek Hendaia zapaldu zuen egunetan dago oinarrituta", azaldu du egileak. Lekaimeren posproduzio lanak amaitu ostean, film laburra Azpeitian plazaratzeko pronto agertu zen Rodriguez, baina orduan ez zuen espero Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdirako hautatuko zutenik.

Herriko estreinaldiaren atarian, Rodriguezekin hizketan aritu dira Uztarria Komunikazio Taldea eta Urola Kostako Hitza. Argazkilari profesionala da Rodriguez, eta komikigintza ikasi zuen Bartzelonan. Herriko lagun askoren laguntza izan du Lekaimeren sormen prozesuan.