Ekainean hasi zituzten Soreasuko sormen gunea egokitzeko obrak, eta Udalak jakinarazi duenez, hilabete batzuen ostean, "bide onean" doaz lanak. Erakundeak jakinarazi duenez, gunea 2019ko uda alderako irikitzea espero zuten lanak hasi aurretik, baina lehenago zabaltzea aurreikusten dute; izan ere, 2019ko udaberri alderako lanak bukatuta izango dituztela uste dute udal ordezkariek. Hitzaren, arte eszenikoen eta irudiaren eremuak egokitzeko obrak ari dira egiten, eta lanok 994.348,94 euroko aurrekontua dute. Lehen fasea bukatzean hasiko dira soinuaren eremua egokitzen, eta harekin osatuta geldituko da sormen gunea.
Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak azaldu duenez, lanak egiteko lehen aldiz lotekako lehiaketa publikoa egin zuten, eta haren arabera, horri esker, "herriko gremio txikiei lehiaketan parte hartzeko aukera ireki" zieten. Obrak martxo ingururako bukatuta izatea aurreikusten du erakundeak. Lanak bukatu ahala jarri nahi dute martxan sormen gunea, eta Udalak esan duenez, datozen asteetan eta hilabeteetan adostuko dituzte ekipamendua eta funtzionamendu irizpideak Kultur Mahaiarekin eta herriko kultur eragileekin.