Eman daiteke izena IX. Herriarteko Kros Mistoan

Uztarria.eus 2018ko urr. 17a, 17:42
VIII. Herriarteko Kros Mistoko irudia.

Azaroaren 3an izango da Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatu duen lasterketa. Izen-ematea Azpeitiko igerilekuan, Azkoitiko kiroldegian eta herrikrosa.eus webgunean egin daiteke. Aurtengo ibilbideak 6,2 kilometro izango ditu. 

Dagoeneko eman daiteke izena Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatutako IX. Azpeitiko Herriarteko Kros Mistoan. Aurten, azaroaren 3an izango da bikoteka egin ohi duten lasterketa, eta iaz bezala 18:30ean hasiko da, plazatik. Ibilbideak 6,2 kilometro izango ditu. 

Kros mistoan parte hartu nahi dutenek, hiru lekutan egin dezakete izen-ematea: Azpeitiko igerilekuan, Azkoitiko kiroldegian eta herrikrosa.eus webgunean. Izen-ematea aurrez egiten dutenek, 20 euro ordaindu beharko dute bikoteko. Aldiz, izen-ematea egunean bertan egiten duten bikoteek 30 euro ordaindu beharko dute. 

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 14 urtetik gorako gazteek ere har dezakete parte kros mistoan, betiere izena ematerakoan gurasoren edo arduradun baten baimena aurkezten badute. 

Iaz, 72 bikotek parte hartu zuten Herriarteko Kros Mistoan, eta Oihana Azkorbebeitia eta Eneko Zarrabeitia bizkaitarrek jantzi zuten txapela