Itxura berria du 'Karakola'-k

Uztarria.eus 2018ko urr. 17a, 17:20

Erabat itxuraldatu dute Etxe-Alai auzunearen eta Olazko Andre Mariaren plazaren arteko Karakola. Izan ere, irailean hasi zen Arte y Muralismo enpresa gunea koloreztatzen, eta dagoeneko amaitu dituzte margoketa lanak. Inguru natural bat irudikatu dute haren egileek horman; hain zuzen ere, berdeguneak eta errekak ikus daitezke irudian. Dena den, margoketa lanez arduratu den kideetako batek, Luis Olasok, esan duenez, uste baino zailagoa izan da horma irudia osatzeko prozesua: "Leku handia da, forma aldetik konplexua eta zaila da dimentsioak neurtzea". Haren arabera, pinturek ere "konplexutasun handia" dute; izan ere, 40 kolore matiz baino gehiago erabili dituzte lana osatzeko. "Ohituta gaude kaleko arte lanak egitera, baina hau oso berezia izan da guretzat", azaldu du. Lanek 30.000 euroko aurrekontua izan dute. 

Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak azaldu duenez, hormigoiak eragiten duen "hoztasun bisuala" apurtzeko asmoa zuen Udalak, eta horretarako egin dituzte lanak. "Azkenaldian, landareekin posteak-eta estaltzeko neurriak ere hartu dira", gaineratu du. Zinegotziak azaldu duenez, halako lan bat egitea erabaki duten lehen aldia izan da, eta gustura daude emaitzarekin: "Artea kalera ateratzeko eta ingurune degradatu bat berritzeko eta erakargarri bihurtzeko aukera ona zela pentsatu genuen. Emaitzarekin gustura gaude, eta aurrera begira herriko beste zenbait txokotara zabaltzeko aukerak aztertuko ditugu".