Oraindik eman daiteke izena Orain Presoak dinamikak zapaturako deitu duen manifestaziora joateko

Uztarria.eus 2018ko urr. 17a, 13:24

Izen-ematea zabalik dago, eta Orkatzen egin daiteke. Urriaren 20ko mobilizazioa Donostian izango da, eta 17:00etan irtengo da Donostiako Antiguoko tuneletik.


Presoen eskubideen defentsan, manifestazioa deitu du Orain Presoak dinamikak zapaturako, urriaren 20rako, eta mobilizaziora joateko autobusa antolatu du Azpeitiko Sarek. Autobuserako izen-ematea zabalik dago oraindik Orkatz eta Jim Clark tabernetan. 

Urriaren 20an 15:45ean irtengo da autobusa Azpeitiko anbulatorio aurretik Donostiara. Manifestazio, aldiz, 17:00etan hasiko da Donostiako Antiguoko tuneletik. Hori dela eta, Sarek dei egin die herritarrei garraio publikoa erabil dezaten. "Modu batera edo bestera, Donostiako kaleak bete behar ditugu, orain presoen garaia delako", adierazi dute Sareko kideek. Era berean, urriaren 20ko manifestazioa "herri honetan inoiz izan den mobilizaziorik handiena bilakatzen laguntzera" deitu dituzte herritarrak. 

Sare Herritarra plataformak joan zen ekainean jarri zuen martxan Orain Presoak dinamika, euskal presoen eskubideen alde. Lau lehentasun ezarri zituzten: urruntze politikarekin bukatzea, larriki gaixo dauden presoak artatzea, zigorren batuketa eta lehen graduen aldaketa. Uztailean aurkeztu zuten Orain Presoak dinamika Azpeitian. Orduko hartan, agerraldi jendetsua egin zuten ehunka lagunek plazan, eta Sareko kideek hartu zuten hitza. Azaldu zutenez, "presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzeko bide orri bat adostea" da beren helburua, "eragile sozialak, politikoak, sindikalak, instituzionalak... hau da, euskal jendartearen gehiengoa norabide horretan elkarlaean jarrita". Urriko udalbatzarrean Azpeitiko Sarek urruntze politika salatzeko aurkeztutako mozioa onartu zuten EH Bilduk eta EAJk aho batez. Sarek eskerrak eman zizkien udal ordezkariei, presoen egoeraz "hitz egiteagatik". EAJk "bidelagun" izan behar dutela adierazi zion dinamikari, eta EH Bilduk giza eskubideen urraketa oro salatu behar dela gogorarazi zuen.