Hezkidetza ardatz, antzerki foroaz gozatu du hainbat ikaslek

Uztarria.eus 2018ko urr. 17a, 11:00

Urteak dira herriko ikastetxeetan Harremonak hezkidetza programa lantzen dutela, eta hasi berri den ikasturtean ere bide bera urratzen jarraituko dute ikasleek nahiz irakasleek, Arremanitz kooperatibako kideek lagunduta. Besteak beste, hezkidetza, sexualitatea eta harreman onak lantzen dituzte saioetan, eta iaz egindako moduan, aurten ere antzerki foroaz gozatu ahal izan zuten atzo hainbat ikaslek. Izan ere, udaletxeko bosgarren solairuan Alu-ulu antzerki emanaldia ikusteko parada izan zuten bi taldek. Ondoren, talde txikietan jarri eta askotariko hausnarketak egin zituzten Batxillergoko lehen mailako ikasleek. Gaur, beste saio bat egingo dute beste ikasle batzuek.

Udala da Harremonak programa ikastetxeetan txertatzeko pausoaren sustatzailea, eta erakundeak azaldu duenez, beste hainbat eragilerekin ere ari dira lantzen programa. Horri lotuta, aurreratu du Helduen Heziketa Iraunkorreko ikasleek azaroan izango dutela antzerki foroaren saioa. Hainbat eduki lantzen ditu antzerki foroak umorea ardatz hartuta, hala nola emakumeen sexualitatea, harremanak, edertasun ereduaren inguruko gogoeta eta masturbazioa. Haizea Egiguren Harremonak programako hezitzaileak egiten ditu aktore lanak, eta Saioa izeneko neska bat hezurmamitzen du bakarrizketa formatuko antzezlanean. Saioak bikote aholkularitzako itxarongela batean egiten dituen hausnarketak egingo ditu agertokian.