'Artefaktua' telebista saioaren beste atal bat grabatu dute gaur herrian

Uztarria.eus 2018ko urr. 16a, 18:34

Herriko euskal literaturaren oparotasunaren isla izan daiteke bi hilabeteren buruan ETB1eko Artefaktua literatur saioaren bi atal Azpeitian grabatu izana. Izan ere, irailaren hasieran Hiromi Yoshida hizkuntzalari japoniarra elkarrizketatu zuten Loiolan, eta grabaketetan parte hartu zuten, besteak beste, Jose Luis Otamendi idazleak eta Koldo Aldalur kazetariak.

Gaur ere Azpeitian izan da Artefaktua saioko lantaldea, hain zuzen ere, Xabier Gantzarain Zuloa saikera liburuaren egilea –abuztuko zenbakian hari elkarrizketa egin zion Uztarriak– elkarrizketatu dute Soreasuko Dinamoan. Gainera, Gantzarainek gonbidatuta, Xabi Borda idazle azpeitiarrak ere parte hartu du saioaren grabaketan, eta irakurleen tartean, Felipe Murillo musikariak hitz egin du.

Artefaktua saioaren bigarren denboraldiko zortzigarren saioa izango da gaur Azpeitian grabatu dutena, eta azaroaren 10ean, zapatua, emango dute, 15:00etan hasita. Argazkian, Xabi Borda idazlea, Yolanda Mendiola aurkezlea eta Xabier Gantzarain idazlea, Dinamoan.