Urola Erdiko trikitiari aitortza egiteko dokumentala sortzen ari dira Trikigiro eta Kulturaz

Uztarria.eus 2018ko urr. 16a, 18:25
Proiektuaren sustatzaileak eta laguntzaileak, atzo, Azkoitiko udaletxean egindako aurkezpenean. (Ane Olaizola)

Trikigiro kultur elkarteak eta Kulturaz kooperatibak 2019ko udazkenerako egingo dute dokumentala. Trikitilariei egindako elkarrizketekin, ikus-entzunezko artxiboa ere sortuko dute.

Trikigiro kultur elkartea, Kulturaz kooperatiba eta hainbat norbanako Urola Erdiko trikitiaren fenomenoa aztertuko duen dokumentala egiten ari dira joan den apirilaz geroztik, Azkoitiko eta Azpeitiko udalen eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen laguntzarekin. Bailarako trikitiak "euskal iruditeria kolektiboari" egindako ekarpenari balioa ematea da egitasmoaren helburua, eta dokumentalarekin batera, prozesuan zehar egindako elkarrizketekin ikus-entzunezko artxibo bat ere sortuko dute. Elkarteetako eta erakundeetako kideek atzo eman zituzten egitasmoaren inguruko xehetasunak.

Trikigiroko kide Itziar Arangurenek gogoratu du "trikitiaren sehaska" izateagatik dela ezagun Urola Erdia. "Trikitizaletasun oparoa izan du, eta historiako trikitilari handienetariko asko bailarakoak izan dira". Arangurenek azpimarratu du 60ko hamarkadako kulturgintzak "funtzio garrantzitsua" izan zuela trikitiak, eta bide horretan, "berebizikoa" izan zen bailarako trikitilarien lana. "Urte gutxitan, mendiko erromerietan ez ezik, milaka lagunen aurrean jotzen hasi ziren bailarako musikariak".

Bailarako trikitilariak eta pandero jotzaileak omentzeko egingo dute, beraz, dokumentala, eta haien bizipenek, adituen hausnarketek, diseinu grafikoez osatutako bideoek eta artxibo irudiek osatuko dute lana. Taldea apirilean hasi zen ikus-entzunezkoa grabatzen, eta orain arte, besteak beste, Tomas Soraluze Epelde, Otolazaren alarguna, Iñaki Garmendia Laja, Ramon Zubizarreta Landakanda, Imanol Arregi Iturbide, Agustin Aranbarri Epelarre zenaren alarguna, Zendoia zenaren alarguna, Manuel Arrizabalaga Izer eta Kandido Beristainen alaba elkarrizketatu dituzte. Datozen hilabeteetan "beste horrenbeste" elkarrizketa egingo dituzte, eta lanak 2019ko udazkenean argia ikustea aurreikusten dute haren egileek.

Proiektuaren beste xedetako bat da belaunaldien arteko trasnmisioa ez etetea, eta, beraz, egitasmoak badu beste lan ildo bat ere: bailarako trikitilarien bizipenekin ikus-entzunezko artxiboa osatzea, bizirik diren altxorrak "betirako gordeta" izan daitezen. Horretarako, trikitilariei egindako "elkarrizketa luzeak eta sakonak" aprobetxatuko dituzte, Irati Aranguren Trikigiro elkarteko kideak jakinarazi duenez.

Dokumentala, "bailaratik"

Halako proiektuak egin ahal izateko sinergiak batzea premiazkoa dela azpimarratu dute aurkezpenean elkartutakoek, eta eskerrak eman dizkiete lanean ari diren eragileei. Era berean, Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibaren orderazkiak adierazi du garrantzia berezia duela Urola Erdiko trikitiaren fenomenoa "bailaratik" kontatzeak. "Ez beste inork, ez beste inondik; baizik eta guk, guretik eta gure erara egitea garrantzitsua da".

Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideak eta Sonia Vazquez eta Josu Labaka Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako Kultura zinegotziek ere egitasmoa txalotu dute, ikerketaren eta elkarrizketen bidez jasota geratuko direlako Urola Erdiko trikitiaren "ondarea eta altxorra".