Itsasi dantza taldeko kideak Pragan izango dira asteburuan

Uztarria.eus 2018ko urr. 16a, 16:56
Itsasiko dantzariak Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan eskaini zuten ikuskizunean.

Txekiar Errepublikako hiriburuko V. Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartuko dute Itsasiko dantzariek. Zapatuan kalejira eta emanaldia eskainiko dituzte. 32 lagun joango dira datozen egunetan Azpeititik Pragara.

Itsasi dantza taldeko kideak Pragan (Txekiar Errepublika) izango dira asteburuan, hango V. Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartzen. 32 lagunek –tartean zortzi ume– bidaiatuko dute hara, batzuek ostegunean eta besteak ostiralean, eta zapatuan eskainiko dute emanaldia Itsasiko kideak. Aurretik, kalejira egingo dute. Itsasiko kideek urteak daramatzate Euskal Herritik kanpo emanaldirik egin gabe: izan ere, taldeko kideek jakinarazi dutenez, 2009an Mallorka uhartean eskainitakoa izan zen horietan azkena.