'Lekaime' eta 'Oreina' filmak emango dituzte asteburuan Soreasun

Uztarria.eus 2018ko urr. 16a, 12:03

Sidgeseko (Bartzelona, Katalunia) Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatu ostean, ostiralean aurkeztuko du Xanti Rodriguezek Lekaime film laburra herrian. 21:00etan izango da haren emanaldia, Soreasu antzokian, eta bertan izango dira Rodriguez eta filmean parte hartu duten aktoreak, herritarrei azalpenak ematen. Estreinaldia dela eta, Uztarriak eta Urola Kostako Hitzak Rodriguezi egindako elkarrizketaren bideoa kaleratuko dute datozen egunetan.

Bestalde, zapatuan, igandean eta astelehenean Oreina filma emango dute Soreasun. Zinemaldian estreinatu zuen Txintxua filmsek ekoiztutako eta Koldo Almandozek zuzendutako lana, eta dagoeneko ikusgai dago zinema aretoetan. Zapatuan 22:00etan emango dute filma, igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan. Igandeko saioa, gainera, ez da emanaldi hutsa izango. Izan ere, Soreasu antzokian izango dira Koldo Almandoz zuzendaria eta Erika Olaizola aktore azpeitiarra, eta pelikularen gaineko azalpenak emango dituzte.