Belaunaldi ezberdinetako lagunak elkartu ditu Erdikaleko Gaztetxearen itxieraren 25. urtemugak

Uztarria.eus 2018ko urr. 14a, 16:41

Atzoko egunez duela 25 urte, 1993ko urriaren 13an, itxi zuten Erdikaleko Gaztetxea. Urteurren hori gogoan, gaztetxe mugimenduari lotutako belaunaldi ezberdinetako lagunak elkartu ziren atzo –itxieraren urtemugaren egunean bertan– gaur egungo Gaztetxean. Elkarrekin errepasatu zuten herriko gaztetxe eta gazte asanbladen ibilbidea, Ez zementu, ez pareta, guretzat mugarik ez da lelopean. 

Badira hilabete batzuk Azpeitiko Gaztetxeko gaur egungo asanbladako zenbait lagun Erdikaleko Gaztetxearen itxieraren urteurrenaz jabetu zirenetik. Data hura "gogoratu beharrekoa" zela iritzita hasi ziren atzoko hitzordua prestatzen. Belaunaldi ezberdinetako kideekin harremanetan jarri, haiekin zenbait esperientzia elkarbanatu eta hainbat hamarkadatako denetariko materiala inguratu ostean, Gaztetxea urte hauetan zehar izenburupean mahai ingurua egin zuten atzo. Solasaldian zehar hizpide izan zituzten Erdikaleko Gaztetxea okupatu zutenetik gaur arteko borrokak eta bizitako esperientziak. Besteak beste, antolakuntza ereduaz, antolatutako ekintzez, errepresioaz, drogen erabileraz, garaian garaiko zailtasunez, komunikatzeko eta propaganda egiteko sortutako euskarri propioez –Kaka Flash irratia eta Kontu Lepo–, Udalarekin nahiz herriko beste eragileekin izandako harremanaz hitz egin zuten atzoko solasaldian. Anekdotarik ere ez zen falta izan. Mahai ingurua amaitzean, taldeko argazkia atera zuten Gaztetxean elkartu ziren lagunek. 

Solasaldia ez zen izan Azpeitiko Gaztetxeak atzorako prestatu zuen gauza bakarra, ordea. Gaztetxeko hormetan duela 30 urte inguruko albisteen, kartelen, marrazkien eta bestelako materialaren erakusketa jarri zuten zintzilik. Horrez gain, gazte asanbladaren lehen fanzinearen zenbait ale eta Kontu Lepo fanzinearen orain arteko zenbaki guztiak elkartu zituzten Gaztetxeko kideek, nahi zuen orok ikus zitzan. Ondoren, luntxa egin zuten, argazki zaharrak ikusi bitartean, eta gauean borobildu zuten festa. Jotakie, Standa eta L.S Senghor taldeen kontzertuekin jendez lepo bete zen Gaztetxea, eta bertaratu zirenek gogotik gozatu zuten 80. eta 90. hamarkadako musikaz. Kontzertutik kontzertura mezuak zabaltzeko tartea ere izan zen. Gaztetxeko kideek beren "poza" agertu zioten Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiari, Espainiako Kontu Auzitegiak bere aldeko ebazpena eman zuelako joan den asteazkenean. L.S Senghorreko kidea da Errazkin, eta Gaztetxeko oholtzan izan zen atzo. Horrez gain, gaztetxekoek elkartasun mezuak izan zituzten aita zendu berri zaion Gotzon Aranburu azpeitiar presoarentzat. 

Argazkiak: Uztarria eta Azpeitiko Gaztetxea.