Euriak euri, aurrera doa X. Zezen Beltz asteburua

Uztarria.eus 2018ko urr. 14a, 15:18

Euri zaparradak hartu dio lekukoa atzoko giro epelari, eta euripean ospatu behar izan dute X. Zezen Beltz asteburuko igande goiza. Zerura begira hasi dute eguna Zezen Beltz elkarteko kideek, atertuko ote zuen zain. Euriak ez du atsedenik hartu, ordea, eta Zezen Beltz asteburuaren antolatzaileak zalantzan ibili dira goizeko sokamutur txikia egin edo ez. Azkenean, euriak euri, eguerdirako prestatutako egitarauari eutsi diote, eta dozenaka lagun irten da plazara eguraldiari aurre eginez. Atzo bezala, zezen txikiak izan dira plazan, eta haiekin jolasean ibili dira hainbat gaztetxo. Beste zenbait herritarrek nahiago izan dute aterpera sartu, eta Zezen Beltzekoek prestatutako saiheski eta oilasko errea dastatzea. Sanagustinpean jarri dute pintxoen mahaia, eta trikitilari gazteak arduratu dira arkupea musikaz girotzeaz. Zezen Beltz elkartearen 10. urteurrenaren harira ateratako kamisetak ere jarri dituzte salgai. 

Arratsaldean bukatuko da X. Zezen Beltz asteburua. 17:00etan helduen entzierroa egingo dute Artzubia kaletik hasita. Ondoren, zezen bolaztatuak izango dira Artzubian.