Azkoitiko taldeak irabazi du Zezen Beltz asteburuko Grand Prix proba

Uztarria.eus 2018ko urr. 13a, 21:27

Eguraldia lagun jendetza izan da gaur arratsaldean zezen plazan; izan ere, X. Zezen Beltz asteburuaren barruan, hain entzutetsua den Grand Prix proba egin dute dozenaka lagunek. Hainbat jolas egin dituzte, zezenarekin eta animaliarik gabe, eta ikustera joan diren herritarrek gogotik gozatu dute. Lau talde aritu dira lehian: azkoitiarrek osatutakoa, Zezen Beltzeko kideena, ondarrutarrena eta Azpeitiko neska kuadrilla batek osatu duena. Sei jolas egin dituzte, eta horietan lortutako puntuazioari esker, Azkoitiko taldea nagusitu da.

Proba batetik besterako tartean joan zen uztailean hil zen Julen azpeitiar gaztea izan dute gogoan, eta txalo zaparradarekin oroitu dira harekin zezen plazan bildutako herritarrak. Izan ere, hainbat urtez parte hartu zuen azpeitiarrak Zezen Beltz asteburuko Grand Prixean.

Zezen Beltz asteburuak bihar segituko du. Hain zuzen ere, goizean sokamutur txikia nahiz pintxo dastaketa izango dira, eta arratsaldean helduen entzierroa eta zezen bolaztatuak.

Hona hemen, biharko egitaraua:

Bihar, igandea

12:30. Sokamutur txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak, plazan.

Ordu berean. txahal saiheski eta oilasko erretzea eta dastatzea, plazan, musikaz alaiturik.
Goizean, Zezen Beltz elkarteko kamiseta berriak eta lepoko zapi gorriak erosteko aukera izango da, plazan.

Salgai jarriko dute, era berean, Irteera pelikula, 2 eurotan.

17:00. Helduen entzierroa, Artzubitik herriko plazara eta buelta. Ondoren, zezen bolaztatuak, Artzubia kalean.