IX. Tuba Jaialdiko kontzertuak musikaz jantzi du plaza

Uztarria.eus 2018ko urr. 13a, 17:27

Atzotik, metalezko musika instrumentuen, musikarien, maisuen eta ikasleen topaleku da Azpeitia. Izan ere, MetalTop Euskal Herriko II. Metal Topaketak iritsi dira herrira. Egitasmoaren bueltan prestatutako egitarauaren barruan,musikariei zuzendutako hainbat ekintza izan dira goizean zehar, hala nola hitzaldiak, beroketa saioak eta master class-ak. Behin motorrak berotuta, hainbat musikarik IX. Tuba Jaialdiko kontzertua eskaini dute plazan, 14:00etan hasita. Besteak beste, kantu ezagunen bertsioak jo dituzte, plazan elkartu diren dozenaka lagunen gozamenerako. 

Gauean jarraituko dute Metal Top topaketetarako prestatutako ekintzek. 30 urteko ibilbidea duen Spanish Brass taldeko kideek kontzertua emango dute gaur gauean Soreasu antzokian, 20:00etan hasita. Sarrera ordaindu beharreko kontzertu bakarra izango da Spanish Brassena, 12 euro; sarrerak salgai daude Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean. Bihar, igandea, Spanish Tuba Quartet taldeak Sanagustinen emango duen kontzertuarekin amaituko dira Euskal Herriko II. Metal Topaketak.