Hondakinak ez dira zaborra

Gipuzkoako Hitza 2018ko urr. 12a, 17:09
Emausekoek Azpeitian jarri zuten erakusketa. (Eregi)

Duela urtebete aldatu zuen Urola Erdiko Mankomunitateak bolumen handiko hondakinak biltzeko sistema. Hortik abiatuta, erreportajea egin du Gipuzkoako Hitza astekariak.

Urtebete pasatxo da Urola Erdiko Mankomunitateak tamaina handiko hondakinen bilketa sistema aldatu zuela. Ordura arte, herritarrek astean behin bota zitzaketen bolumen handiko hondakinak zaborretara: beste edukiontzien alboan uzten zituzten, eta kamioia pasatzen zen haien bila. Iazko uztailaren lehenetik, ordea, bi aukera dituzte herritarrek: bata, zuzenean Garbigunera eramatea; eta, bestea, Emaus kooperatibara deitu, eta hondakin horien bila etxera etor daitezela eskatzea. Bilketa sistema aldatu eta urtebetera, egungo egoeraren berri eman du mankomunitateak. Haren arabera, "hobera" egin dute bilketa datuek: hirukoiztu egin da berrerabiltzen diren hondakinen kopurua, eta erdira jaitsi zabortegira bideratutakoa. Era berean, biltzeko modua aldatu zutenetik, herritarrek tamaina handiko hondakin gutxiago uzten dute kalean, eta "nabarmen" igo da Emausek jasotzen duen dei kopurua. Horregatik, herritarrak "zoriondu" egin ditu mankomunitateak.

Inma Puerta Emauseko Trapuketariak kooperatibako zuzendariaren hitzetan, "esanguratsuak" dira zenbakiak. Aurten, urtarriletik abuztura, Urola erdialdeko herritarren 661 dei jaso dituzte Emauseko Trapuketariek; iaz aldi berean baino %234 gehiago. Horren ondorioz, 128.279 kilo hondakin bildu dute etxez etxe; iaz garai berean baino %252 gehiago. Aldiz, asko jaitsi da kalean jaso duten hondakin handien kopurua: 10.575 kilo, iaz baino hamar aldiz gutxiago.

Hondakinen berrerabiltze tasa hirukoiztu egin da etxez etxeko bilketa handituta, horixe baita Emaus kooperatibaren zereginetako bat, ahalik eta hondakin gehiena berrerabiltzea. "Askok zaborra dela uste dutena hala ez dela baieztatu dugu guk. Urtean, 1,9 milioi kilo hondakin kudeatzen ditugu, eta %70 berrerabiltzea lortzen dugu", azaldu du Puertak. Iaz, urtarriletik abuztura, 23.035 kilo hondakin berrerabilgarri bildu zuen Emausek Urola erdialdean; aurten, epe berean, 40.930 kilo izan dira, %78 gehiago. Hala ere, Puertak uste du herritarrek ez dutela kontzientziarik berrerabilpenaren inguruan. "Ez dira ohartzen norberak nahi ez duen hori zenbateraino izan daitekeen baliagarria beste batentzat. Adibidez, altzarien kasuan, oso garrantzitsua da zerbitzua eskatu duen herritarrak nola desmuntatu duen jakitea. Kontu handiz ibili bada, berrerabilerarekin sentsibilitate handia badu, eta nola desmuntatzen den baldin badaki, bermatuta dugu altzaria beste etxebizitza batean erabiltzeko moduan egongo dela".

Irakurri erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzan.