Iñaki Errazkin: "Bakoitza bere tokian jarri du sententzia honek"

Berria.eus 2018ko urr. 12a, 13:00

Espainiako Kontu Auzitegiak babestu egin du errauste planta gelditzeko haiek hartutako erabakia, eta horrek "poztu" eta "lasaitu" egin ditu EH Bilduko agintari ohiak. Espero dute ebazpenak balio izatea azpiegitura horren aurkako mugimendua indartzeko. Berria.eus-ek Errazkinekin eta Intxaurrandietarekin hitz egin du.

Gauzak ondo egin zituztela jakinda joan ziren epaiketara Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia (Azpeitia, Gipuzkoa, 1975) eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandieta (Lezo, Gipuzkoa, 1973). Baina ez ziren fio. Herenegun jaso zuten epaia, eta atzo eguerdian ospatu zuten EH Bilduko kide eta hautetsiekin batera, Donostian.

Ebazpenaren berri izan berritan, zer ondorio nagusi atera duzue?

AINHOA INTXAURRANDIETA: Bakoitza bere tokian jarri du sententzia honek. Aitortza bat da: kudeaketa onaren aitortza. Akreditatuta geratu da dena ondo egin genuela eta, gainera, beste aukerarik ez zegoela. Aitortu behar dut, halere, nik ez nuela horrelako epai bat espero. Nahiz eta jakin juridikoki dena ondo egin genuela eta izugarrizko kaltea saihestu diogula herrialdeari, bagenekien auzibide honen oinarrian zegoena ez zela juridikoa, politikoa zela. Joko zelaia ere ez zen ohikoa: salaketa EAJk eta PSEk jarri zuten, eta PPko ministro izandako Margarita Mariscal de Gante genuen epailea.

IÑAKI ERRAZKIN: Nik ere ez nuen espero inondik inora gure aldekoa izatea. Eta are gutxiago sententziak hain garbi berrestea guk urte hauetan erabili ditugun argudioak. Auziaren sakonean sartu da epailea. Esan zezakeen beste zerbait, baina esan du erabaki zuzena izan zela erraustegia gelditzea, eta, horretarako, guk erabili ditugun argudioak babestu ditu. Halako kasuetan, ezohikoak dira horrelako sententziak.

GHK-k gogoratu du beste auzibide bat dagoela zabalik Espainiako Auzitegi Gorenean. Horri begira, ebazpen hau zuen aldeko argudio sendo bat izan daitekeela uste duzue?

A. I. : Bai. Dena den, auzibide horretan eztabaidatzen ari dena ez da ongi ala gaizki egin genuen, baizik eta nori zegokion hartzea erabakia: guri ala Batzar Nagusiei. Aurretik, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen guri zegokigula, baina ez zela erabaki teknikoa izan, erabaki politikoa izan zela. Oraingo sententziak, baina, argi uzten du eta ziurtzat ematen du errauste planta neurriz gainekoa zela, eta, gainera, azpimarratzen du ez zela bideragarria eta kalte izugarriak ekarriko zizkiola herrialdeari. Horri muzin egitea edo horri buelta ematea oso zaila da, bai Auzitegi Gorenean, bai helegiteen bidez edo beste auzibide batzuetan.

I. E. : Gorenean dagoen auzibideari buruz, bi kontu: bata da eskumenen banaketarena, eta hori Euskal Herrian askotan ez da oso garbi izaten: egunerokoan ikusten dugu, gai jakin batzuetan, udaletan-eta. Beste kontu bat da errauste plantaren bideragarritasunaren ingurukoa, eta horri buruz argi mintzo da Kontu Auzitegia: aztertu ditu obren kontratuak, bankuekin eginikoak... Eta ebatzi du hartu genuela hartu genezakeen erabakirik egokiena gipuzkoarrei eta diru publikoaren erabilerari begira. Hori hala izanik, bigarren mailan geratu beharko luke lehenengo puntuak. Baina, esan bezala, ez naiz batere fio.

Irakurri elkarrizketa osoa Berria.eus-en.