Anbulatorioan ere eskainiko dute Kirol Orientazio Zerbitzua

Uztarria.eus 2018ko urr. 11a, 17:19
Osasun etxeko, zerbitzuko eta udaleko ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Joan zen azaroan jarri zuten zerbitzua martxan, eta "arrakasta" ikusita erabaki dute arreta zabaltzea. Aurrerantzean, igerilekuan eta ikastetxeetan ez ezik, anbulatorioan jaso ahal izango dute herritarrek zerbitzua.

Zerbitzuak izan duen "arrakasta" ikusita, Kirol Orientazio Zerbitzua anbulatorioan ere eskaintzea erabaki du Udalak. Joan zen azaroan jarri zuen erakundeak martxan jarduera fisikoa egiten hasi nahi dutenei zuzendutako aholkularitza, eta orain arte igerilekuan eta ikastetxeetan eskaini dute arreta. Sei hilabeteotan 35-40 lagunek jaso dute zerbitzua Udalaren arabera, eta horregatik, aholkularitza "zabaltzea eta hedatzea" erabaki dute. "Itxaron zerrenda gero eta handiagoa denez, ikasturte berriarekin zabaldu egingo dugu zerbitzua".

Udalak gogorarazi du zerbitzuaren helburua jarduera fisikoaren onurak ahalik eta herritar gehienengana iristea dela, horien osasun fisikoa, psikikoa eta soziala hobetzeko. "Osasunean eta ongizatean eragitea da helburua, eta horregatik, Osakidetzarekin akordioa egin eta haiek ere Kirol Orientazio Zerbitzuaren sarean sartzea lortu dugu", azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak. Hitzarmen hori tarteko, medikuek ere bideratuko dituzte herritarrak zerbitzura.

Maider Aizpurua da zerbitzua gidatzen duen teknikaria, eta haren aburuz, pauso "garrantzitsua" da anbulatorioarekin elkarlanean hastea. "Edozein gaitz, min edo patologia duten pazienteei ariketa fisikoaren bidez laguntzeko aukera eskainiko diegu, beti ere medikuaren oniritziarekin". Udalak gogorarazi du aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen dutela, eta bertaratzen direnei jarraipena egiten zaiela.

Honako hau da zerbitzuaren egutegia:

Igerilekua

  • Asteartea: 10:00etatik 12:30era eta 15:00etatik 17:00etara. Aurrez hartu behar da hitzordua 688-845 119 telefonora deituta edo koz@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita.

Anbulatorioa

  • Ostirala: 11:15etik 12:30era. Medikuaren aginduz joango dira herritarrak.

Ikastetxeak

  • Hezkuntza zentroak bideratzen ditu ikasleak, zentroak erabakitako ordutegian.