Lau pilotari azpeitiarrek parte hartuko dute lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketan

Uztarria.eus 2018ko urr. 11a, 14:46
Azpeitiko hainbat emakume pilotari.

Oihana Orbegozok, Nagore Aramendik, Maddi Unanuek eta Alaitz Badiolak eman dute izena txapelketan, eta beste 88 pilotarirekin ariko dira nor baino nor. Txapelketaren finala Azkoitiko Gurea pilotalekuan izango da. Iaz Maite Iriarte azpeitiarrak jokatu zuen Lehen Mailako finala, Eneritz Arrieta azkoitiarraren aurka.

Urriaren 21ean hasiko da lau eta erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketaren aurtengo edizioa, eta Azpeitiko lau pilotarik parte hartuko dute lehian. Oihana Orbegozok, Nagore Aramendik, Maddi Unanuek eta Alaitz Badiolak eman dute izena txapelketan, eta beste 88 pilotarirekin ariko dira nor baino nor. Aurtengoan nabarmen hazi da pilotarien kopurua; izan ere, iaz 80 pilotarik parte hartu zuten lehian, eta aurten 92 dira izena eman dutenak. Aurtengoan, gainera, Kataluniako pilotariak ere ariko dira txapelketan.

Aurreko edizioan bezala, bi mailatan banatuko da txapelketa, Lehen Maila eta Promozio maila. Aurre kanporaketak Zaragozan, Bartzelonan eta Gasteizen jokatuko dituzte pilotariek, eta ondorengo faseetako partidak Abadiñon, Gordexolan, Elgetan, Lemoan, Zallan eta Amezketan izango dira. Finala, berriz, Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dute.

Iaz Maite Iriarte azpeitiarrak eta Eneritz Arrieta azkoitiarrak jokatu zuten Lehen Mailako finala, eta Azkoitira joan zen txapela.