80 bat musikarik parte hartuko dute bihar hasiko diren Metal Topaketetan

Uztarria.eus 2018ko urr. 11a, 13:12
Iazko tuba jaialdiko irudi bat.

MetalTopen barruan musikarientzat nahiz musikazaleentzat ekintza ugari izango da bihartik igandera bitartean herrian. Izan ere, hainbat ikastaro, saio eta kontzertu antolatu dute egunotarako. Spanish Brass taldea da aurtengo gonbidatu nagusia, eta horiek zapatuan emango dute kontzertua, 20:00etan, Soreasu antzokian.

MetalTop Euskal Herriko II. Metal Topaketek hartuko dute bihartik igandera bitartean Azpeitia. Dagoeneko 80 lagun inguruk eman dute izena ekitaldietan, baina oraindik ere izango dute nahi dutenek saioetan parte hartzeko izena emateko aukera. Bihar, musikari gazteei zuzendutako ikastaroa emango dute goizez eta arratsaldez, eta ikastaro horretan landutakoekin kontzertua eskainiko dute parte hartzaileek, 18:00etan, Sanagustin kulturgunean. Gaur-gaurkoz 25 bat gaztetxok eman dute ikastaroan izena. Beste kontzertu bat ere izango da bihar: MetalTopek eta Iraurgi Saskibaloiaren garagardo festak bat egingo dute, 22:00etatik aurrera Tuba Jaialdiko antolakuntzako kideek eta MetalTopera etorriko diren zenbait maisuk Azoka Plazan emango duten Tuba Polka kontzertuan.

Zapatua, izango da metal topaketen egunik indartsuena, eta oraindik izena emateko aukera zabalik bada ere, 50-55 bat musikari dira saioetara bertaratzekoak. 10:00etatik aurrera, musikari afizionatuek eta ikasleek bi masterclass izango dituzte aukeran, Pablo Fernandez eta David Muñoz maisuen eskutik. Egun hori izango da, era berean, aurten MetalTopen barruan egingo den Tuba Jaialdiaren eguna ere; 14:00etan, plazako kioskoan izango da Tuba Jaialdiaren kontzertua, eta hori prestatzeko bi entsegu saio egingo dituzte goizean zehar.

Beste bi masterclass ere izango dira larunbatean, Spanish Brass taldeko kideek emango dituztenak. 30 urteko ibilbidea bete duen musika talde hori izango da, hain zuzen ere, II. MetalTopen gonbidatu nagusia. Masterclassak ez ezik, kontzertua emango dute zapatu iluntzean Soreasu antzokian, 20:00etan. Sarrera ordaindu beharreko kontzertu bakarra izango da Spanish Brassena, eta 12 euro kostatuko da. Sarrerak salgai daude Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean. Spanish Brassekoek emango dituzten masterclassetan parte hartu nahi dutenek, berriz, 50 euro ordaindu beharko dute. Bestalde, Gunemusic-en eskutik musika tresnen erakusketa izango da ikusgai, Soreasun.

Igandean Spanish Tuba Quartet taldeak Sanagustinen emango duen kontzertuarekin amaituko dira Euskal Herriko II. Metal Topaketak.