Igeriketa inklusiboko taldea ere izango du Izarraitz igeri elkarteak

Uztarria.eus 2018ko urr. 11a, 12:30
Talde berriko kideak, joan den larunbateko Izarraitz Egunean. (Twitter: Estitxu Elduaien)

Orain arte, adimen desgaitasuna edo desgaitasun fisikoa zutenek Izarraitz igeri elkartearekin entrenatzen zuten, baina ez zuten harekin lehiatzeko aukerarik. Ander Idoetak, Lander Uriak, Iker Aizpuruk eta Jurdan Arakistainek osatuko dute taldea.

Izarraitz igeri elkarteak igeriketa inklusiboko taldea izango du txapelketetan lehenengoz. Adimen desgaitasuna edo desgaitasun fisikoa dutenek, beraz, Izarraitz igeri elkartean lehiatuko dira hasi berri duten denboraldian, eta oraingoz, honako igerilari hauek osatuko dute taldea: Ander Idoeta, Lander Uria eta Iker Aizpuru azpeitiarrek eta Jurdan Arakistain zestoarrak.

14 eta 22 urte bitarteko igerilari horiek Izarraitz elkartearekin entrenatzen zuten orain arte, baina Donostiako Konporta kirol elkartearekin lehiatzen ziren gero. Izarraitzen arabera, igerilarien eta haien gurasoen nahia zen "etxeko taldearekin" lehiatzea, eta elkarteko zuzendaritzak ere azken urteetan sumatzen zuen ildo horretan hutsune bat zuela. "Igerilariek lana erdizka egiten zuten orain arte; gurekin entrenatzen zuten, baina gero ez zuten aukerarik Izarraitzekin lehiatzeko. Orduan, lan osoa gurekin egitea eskatzen zuten igerilariek eta gurasoek". Taldearen esanetan, aurtengoa probaldia izango da, eta "ondo joanez gero", igeriketa inklusiboko taldeak "luzerako" jarraipena izango du.