Azpeitiko EH Bilduk hautes zerrendak osatzeko prozesu parte-hartzailea abiatuko du datorren astean

Uztarria.eus 2018ko urr. 10a, 15:47
Azpeitiko EH Bilduren lantaldea. (EH Bildu)

Koalizioak astearterako jarri du hitzordua, 19:00etarako, Baigerako aretoan, eta prozesuaren oinarriak eta epeak azalduko dituzte bilkuran. Herritarrek aukera izango dute proposamenak egiteko eta koalizioaren egiturak landutako zerrendei eta herri programari ekarpenak egiteko, nahiz horiei onespena emateko. Eneko Etxeberria alkateari eskerrak eman dizkio EH Bilduk, bi agintaldiotan egindako lanagatik.

Azpeitiko EH Bilduk datorren astean hasiko du 2019ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda osatzeko prozesu parte-hartzailea. Koalizioak astearterako jarri du hitzordua, 19:00etarako, Baigerako aretoan, eta prozesuaren oinarriak eta epeak azalduko dituzte bilkuran, eta EH Bilduren "komunitatea" bertan egotea nahi duela adierazi du lantaldeak. "Gure baloreei jarraituz, beharrezkoa eta naturala ikusten dugu bozetara begira ere ibilbide gardena eta parte-hartzailea egitea", adierazi du koalizioak ohar bidez. Horrenbestez, azaroa bitartean Azpeitiko EH Bilduk egingo dituen urratsak izango dituzte hizpide batzarrean, eta herritarrek aukera izango dute proposamenak egiteko eta koalizioaren egiturak landutako zerrendei eta herri programari ekarpenak egiteko, nahiz horiei onespena emateko.

"Eskerrak", Eneko Etxeberriari

Eneko Etxeberria alkateari "eskerrak" ere eman dizkio EH Bilduk bi agintalditan egindako lanagatik; izan ere, hark joan zen ostiralean jakinarazi zuen ez dela aurkeztuko 2019ko udal hauteskundeetara. "Eskerrak eman nahi dizkiogu garai zailetan urrats handia egin zuelako politikaren lehen lerroan jarrita, eta zortzi urtez lan asko egin duelako", azaldu du koalizioak.

EH Bilduren arabera, herriak "asko" egin du aurrera zortzi urteotan, Azpeitia aldatu" egin da. "Aipatzekoa da, esaterako, krisiari aurre egiteko hartu diren neurriak, beti ere herritarrei eta haien beharrei begira. Bestalde, bizikidetzaren alorrean eginiko lanagatik ere nabarmendu daiteke Etxeberriaren jarduna; izan ere, saiakera handia egin du guztiok batera eta gustura bizi gaitezen denon herrian". Etxeberria "guztion alkatea" izan da EH Bilduren aburuz, eta gai izan da "herritarren ahotsa entzuteko".

Etxeberriaren erabakia "errespetatzen" duela esan du Azpeitiko lantaldeak, baina nabarmendu du "kapital humano handia" duen komunitatea dela EH Bildu. "Konprometitutako jendeak osatzen du koalizioa, herri hobe baten alde lana egiteko prest dagoen jendeak, eta horregatik ilusioz begiratzen diogu datorren astean hasiko dugun prozesuari". EH Bilduk azaldu duenez, "pertsona egokiak" ditu Etxeberriaren testigua jasotzeko eta herriaren alde lanean jarraitzeko, eta aurpegi berriak izango badira ere, proiektua "bera" izango dela aurreratu du. "Guk herrirako proiektua dugu, helburuak ditugu eta lana egiteko gogoa dugu", esan du koalizioak, eta horregatik herritarrei dei egin die astearteko hitzordura nahiz datozenetara bertaratzeko.