Maite Etxezarreta nagusi Euskal Mendizale Federazioaren mendi lasterketen rakingean

Uztarria.eus 2018ko urr. 10a, 14:26
Maite Etxezarreta lasterketa batean. (EGune)

2018an Euskal Herrian egindako hamazortzi lasterketa hartu ditu federazioak kontuan rakinga egiterakoan, eta Sokaitz taldeko azpeitiarrak 5.993 puntu batu ditu aurten parte hartu duen zazpi lasterketatan.

Maite Etxezarreta (Azpeitia, 1991) nagusitu da Euskal Mendizale Federazioaren mendi lasterketen sailkapenean. 2018an Euskal Herrian egindako hamazortzi lasterketa, kilometro bertikal eta ultra proba hartu ditu federazioak kontuan rakinga egiterakoan, eta Sokaitz taldeko azpeitiarrak 5.993 puntu batu ditu aurten parte hartu duen zazpi lasterketatan.

Aloñako Igoeran bosgarren egin zuen azpeitiarrak; Pagoetako mendi lasterketa irabazi egin zuen Etxezarretak –marka ezarri zuen–; Tolosako Hiru Tontorrak proban bigarren sailkatu zen, baita Triku Trailen ere; Axari Trail lasterketan laugarren helmugaratu zen; Intza Ttutturren kilometro bertikalean bigarren; eta joan zen asteburuan laugarren egin zuen Anbotoko kilometro bertikalean.

Etxezarretarekin batera osatu dute mendi lasterketen sailkapen orokorra Maite Zabaletak (bigarren) eta Ainara Uribarrik (hirugarren). Gizonetan, berriz, Beñat Katarainek, Asier Larruzeak eta Igor Urionabarrenetxeak osatu dute podiuma.