Burdinbidearen Euskal Museoaren 24. Urteurrena ospatuko dute zapatuan

Uztarria.eus 2018ko urr. 10a, 12:13
Burdinbidearen Euskal Museoa. (Bem fundazioa)

Bost tren historiko jarriko dituzte martxan, eta horiek joan-etorriak egingo dituzte Lasaora. Horrez gain, Espinal lurrun tren-makina eta Grafton lurrun garabiak piztuko dituzte zapatuan, eta bi erakusketa jarriko dituzte ikusgai. Ostiralean, aldiz, lurrun trenaren zerbitzu bereziak eskainiko dituzte. 

Burdinbidearen Euskal Museoak 24 urte bete ditu aurten, eta zapatuan, urriaren 13an, ospatuko dute urtemuga. Egun horretan, bost tren historiko jarriko dituzte martxan, eta joan-etorriak egingo dituzte Lasaora. Era berean, zapatuan zehar Espinal lurrun tren-makinaren eta Grafton Lurrun Garabiaren piztea egingo da. 

Hona hemen tren historikoen ordutegia:

  • 11:00etan: Portugaleko Trenbideen 301 zenbakidun Allan automotore diesela (1953. urtea, Roterdameko Allan holandarrak eraikita)
  • 12:00etan: Elgoibarretik Donostiara doan Trenbideko Aurrera Lurrun tren-makina (1898, Manchesterreko Nasmyth and Wilson enpresa ingelesak eraikita)
  • 13:00etan: Amorebietatik Gernikara doan Trenbideko Zugastieta lurrun tren-makina (1888, Sharp Stewart Eskoziako enpresak eraikita)
  • 17:00etan: Alstom 1004 diesel tren-makina (1965, Tarbesen Alsthom Frantziako enpresak eraikita).
  • 18:00etan: Portugaleko Trenbideen Portugal Lurrun Tren-makina (1913, Kasseleko Henschel alemaniar enpresak eraikita).

Bidaia horiez guztiez gain, erakusketak ere izango da museoan. Alde batetik, 1924ko makina-tresnako tailerraren eta 218 tranbia elektrikoaren erakusketa prestatuko dute zapaturako. Bestetik, Bilboko metroaren hirugarren linea: historiako 135 urte erakusketa inauguratuko dute zapatuan. Bertan, Telefunken azulejoen publizitate panela aurkeztuko dute. Panel hori duela gutxi berreskuratu zuten Arroako geltokitik. Publizitate euskarri mota hau hamarkadetan zehar bide estuko trenbideetako geltokietan klasikoa izan zen, eta Arroakoatik ekarritakoa da euskal trenbide sarean gordetzen den azkena.

Museoa 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era egongo da irekita zapatuan. Ostiralean, aldiz, lurrun trenaren zerbitzu bereziak eskainiko dituzte Lasaora joan-etorria egin nahi dutenentzat.