Gurasoentzat batzarra deitu du Ikasberri kirol elkarteak

Uztarria.eus 2018ko urr. 10a, 12:13

Astelehenean izango da bilkura, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean. Infantil eta kadete mailako neska-mutilen gurasoentzat izango da bilkura, baina gainerako mailetako futbolarien gurasoek ere bertaratzeko aukera dute. Elkartearen ustez, garaiotan hainbat jarrera "gaitzesgarri" ikusten da futbol zelaietan eta harmailetan, eta adierazi du heziketan badela zer hobetu.

Astelehenean, urriaren 15ean, gurasoei zuzendutako batzarra egingo du Ikasberri kirol elkarteak. Hain zuzen ere, infantil eta kadete mailako neska-mutilen gurasoentzat izango da bilkura, baina gainerako mailetako futbolarien gurasoek ere bertaratzeko aukera dute. Batzarrean kirol elkartearen batzorde berriaren aurkezpena egingo dute, eta batzordeko kideek elkartearen helburuen berri emango dute. Hitzordua Sindikatu Zaharrean jarri dute, 19:00etan.

Ikasberriko kideek azaldu dutenez, garaiotan hainbat jarrera "gaitzesgarri" ikusten da futbol zelaietan eta harmailetan, eta elkarteak uste du heziketan badela zer hobetu. "Gurasoenganako heziketa baten beharra ezinbestekoa ikusten dugu, eta horretarako herramientak eskeintzeko asmoarekin deitu dugu batzar zabala". Izan ere, jokalariek, gurasoek nahiz kirol klubak norabide berean lan egitea nahi du Ikasberrik.