Juanjo Elezkanok 'Jainkoa geurekin dugu' diskoa aurkeztuko du Frantziskanetako elizan

Uztarria.eus 2018ko urr. 10a, 12:14

"Mezan, ospakizunetan eta elkartasun giroan" kantatzeko euskarazko 23 abesti sortu ditu apaizak eta konpositoreak. Hilaren 24an, zuzeneko emanaldi baten bidez aurkeztuko du azken diskoa Elezkanok, eta sarrera doakoa izango da.

Juanjo Elezkano apaizak eta musikagileak bere hamabigarren diskoa aurkeztuko du hilaren 24ean, asteazkena, Azpeitiko Frantziskanetako elizan. Elezkanok euskarazko 23 abesti bildu ditu Jainkoa geurekin dugu diskoan, eta haren arabera, "mezan, ospakizunetan eta elkartasun giroan" kantatzeko aproposak dira. "Akorde errazen bidez, gitarraz laguntzeko eta ikasteko arazorik ez dute abestiak, eta herritarrak laster bereganatzeko moduko doinuak dira".

Bermeoko (Bizkaia) apaiza izateaz gain, kantaria eta konpositorea ere bada Elezkano. Zestoako Gaztain estudioetan grabatu du azken diskoa, eta konponketak eta nahasketak ere han egin ditu. Azpeitiko aurkezpena, berriz, Soreasuko Sebastian Donea parrokiako kideek antolatu dute. Haiek nabarmendu dutenez, euskarazko halako abestiak "urriak" dira eta herritarrek "gustura" hartu ohi dituzte. "Poema musikatuok, modu apaltasunean, fedea konpartitzeko aukera ematen dute", gaineratu dute.

Urriaren 24an, 17:30ean aurkeztuko du Elezkanok bere hamabigarren diskoa, eta zuzeneko emanaldia eskainiko du han. Doako sarrera izango du ekitaldiak.