Al-anon elkartea, 55 urte alkoholikoen senideei laguntzen

Uztarria.eus 2018ko urr. 9a, 20:00

Elkarteak Soreasun duen lokalean egiten dituzte bilerak astelehenero, 20:00etatik 22:00etara. 21 urte dira Azpeitiko taldea sortu zela, eta alkoholaren dependentzia duten pertsonen senideek aukera izaten dute saioetan haurnartzeko eta esperientziak partekatzeko.

Al-anon Gipuzkoako alkoholikoen senideen elkarteak 55 urte betetzen ditu aurten, eta urtemuga aprobetxatu nahi izan dute elkarteko kideek beren egitekoak azaltzeko eta hitzorduen berri emateko. 

Elkarteak azaldu duenez, elkartea sortu zen Urola Kostako lehen herria Zarautz izan zen; izan ere, han duela 38 urte osatu zuten taldea. Ondoren egituratu zituzten Zumaiako taldea (duela 34 urte) eta Azpeitikoa (orain 21 urte). Urte guztiotan alkoholaren dependentzia duten pertsonei eta lagunei laguntza eman die Al-anonek, eta horretan segitzen dute. Bestalde, Al-anonek badu menpekotasuna duten pertsonen senide diren nerabeentzako talde bat ere: Alateen. 

Azpeitian, esaterako, astelehenero biltzen da hainbat lagun. 20:00etatik 22:00etara izaten dute hitzordua, Soreasu kaleko 2. zenbakian. Besteak beste, gaiaz hausnartzeko eta bizipenak partekatzeko aukera izaten dute bertaratzen diren herritarrek. Elkarteak Azpeitian egiten dituen bartzarren inguruko informazio gehiago eskuratzeko 650-26 59 63 telefonora deitu edo gfaarea1@gmail.com helbidera idatz daiteke.

Honako lotura honetan irakur daiteke Gipuzkoako Hitza astekariak joan zen ekainean alkoholismoaren gaia jorratuz egindako erreportajea.