Eskualdeko trikitilarien eta pandero jotzaileen topagune izango da Azpeitia hilaren 19an

Uztarria.eus 2018ko urr. 9a, 19:26
Trikigiroren iazko edizioko irudia.

IV. Trikigiro jaialdia izango da egun horretan. Trikigiro elkartea 2015ean hasi zen jaialdia antolatzen, trikitiaren inguruko transmisioari butzada emateko asmoz. Hitzorduak arrakasta izan du urtero, eta aurten ere Urola Erdiko trikitilariak eta pandero jotzaileak izango dira protagonistak. Egun horretan egingo duten afarirako izen-ematea zabalik dago jada.

Aurtengo Trikigiro jaialdiak badu data: urriaren 19a. Egun horretan, Azpeitian elkartuko dira Urola Erdiko trikitilariak eta pandero jotzaileak, beren zaletasunaz elkarrekin gozatzeko. Duela hiru urte, 2015ean, antolatu zuten aurreneko Trikigiro jaialdia Azpeitian, trikitiaren inguruko transmisioari butzada emateko asmoz. Dagoeneko hitzordua antolatzen duten laugarren aldia da, eta azken urteetan antolatutako egitarauak izandako arrakasta ikusita, antzeko egitaraua prestatu dute aurtengorako.

19:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean elkartuko dira eskualdeko trikitilariak, eta musikari gaztetxoenek saioa eskainiko dute ordu horretan. Ondoren, 20:00etan, kalejira egingo dute guztiek Azpeitiko kaleetan barrena, eta herria zeharkatu ondoren, 21:00etan, Sanagustin kulturgunean afalduko dute. Afalostean, 23:00etan, erromeria egingo dute, eta honako trikitilari hauek parte hartuko dute saioan:

  • Beñat Landa, Eneko Arbeo, Attola gaztea eta Imanol Antxitte.
  • Jone Uria eta Julene Otegi.
  • Maria, Naiara, Eneritz eta Landaberri.
  • Martittetarrak.
  • Naiara Mantzizidor, Oleaga ahizpak eta Jurgi Ituarte.
  • Lurdes Alkorta, Eider Tolosa eta Lierni Tolosa.

Edonork har dezake pare kalejiran eta nahi duen oro bertara daiteke afaltzera. Afarira joan nahi dutenek, aurrez egin behar dute erreserba Sanagustin kulturgunera joanda edo 943-10 52 20 telefono zenbakira deituta. Afarirako txartela hamabost euro ordaindu beharko da.