Kiroldegian sarrera doan izango da bihar, Juaristi ISBren etxeko lehen partida ikusteko

Uztarria.eus 2018ko urr. 9a, 17:42
Juaristi ISB taldea. (Iraurgi Saskibaloia)

Cantabria Estela taldea hartuko dute Iraurgikoek, Zilarrezko LEB ligaren bigarren jardunaldiaren barruan, 20:30ean hasita.

Azpeitiko kiroldegiko ateak irekita eta sarrera doan izango dituzte bihar iluntzean saskibaloi zaleek. Izan ere aste erdian, asteazkenarekin, jokatuko du Juaristi ISB taldeak Zilarrezko LEB ligaren bigarren jardunaldiko partida, 20:30ean hasita. Cantabria Estela izango da Lolo Encinasek zuzentzen dituen jokalariek aurrean izango duten taldea.

Joan den asteburuan ekin zion ligari Juaristi ISBk. Zamoran jokatu zuen denboraldiko estreinako neurketa, eta 74 eta 65 galdu zuen. Bihar, beraz, zaleen hauspoak lagunduta, lehen garaipena eskuratzeko helburuarekin aterako dira kantxara Iraurgikoak.