'Hitanoa Azpeitian' ikerketaren emaitzak aurkeztuko dituzte bihar Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2018ko urr. 8a, 12:59
Beñat Muguruza eta Garbiñe Bereziartua, ikerketaren egileak. (Argazkia: Julene Frantzesena)

Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak egin dute azterketa, Azpeitian hikaz nola eta zenbat egiten den jakiteko. Hilabeteetan zehar Azpeitiko 1.500 lagunen erantzunak jaso dituzte. Herritarrek emandako erantzun horietan oinarrituta ateratako ondorioak plazaratuko dituzte bihar Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita.

Azpeitian hikaz nola eta zenbat egiten den aztertu dute Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak Hitanoa Azpeitian izeneko azterketan, eta bihar, asteartea, aurkeztuko dituzte ikerketaren emaitzak Sanagustin kulturgunean.

Jakina da Azpeitian gizonek emakumeek baino gehiago hitz egiten dutela hitanoan. Bereziartua eta Muguruza kezka horretatik abiatuta hasi ziren Azpeitiko hitanoaren erabileraren inguruko ikerketa egiten. Apirila inguruan hasi ziren azterketaren lehen fasearekin. Orotara, 1.500 herritarrek erantzun dituzte bi ikerlariek proposatutako galderak. Dena den, erantzun kopuruaz harago, adin tarteen eta gizon-emakumeen arteko orekan jarria dute arreta Bereziartuak eta Muguruzak. Orain, herritar horiek guztiek emandako erantzunetatik abiatuta ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte. 

Bereziartuaren arabera, hitanoaren egoera, oro har, "oso kaskarra" da Euskal Herrian, baina hark dioenez, Azpeitia da hitanoa osasuntsuen dauden herrietako bat. Baina Azpeitian ere ez dago "erabat salbu" Bereziartuaren hitzetan. Bi ikerlarien ustez, hitanoaren azterketa egiteko "toki aproposa" da Azpeitia, eta horregatik ekin zioten lanari. 

Ikerketaren aurkezpena 19:00etan hasiko da, eta ondoren luntxa izango da bertaratzen diren herritar guztientzat.