Udazkenarekin batera, Izarraizko Atea parkeko ur-txorroak itxi dituzte

Uztarria.eus 2018ko urr. 8a, 13:22

Udalaren arabera, "jendetza" ibili da udan Izarraizko Atea parkean, eta askorentzat igerilekuen eta hondartzaren "alternatiba" bilakatu dela gaineratu du.

Joan den ekainetik zabalik izan dira Izarraizko Atea parkeko ur-txorroak, baina udazkena iristearekin batera tenperaturak jaitsiko direla eta, datorren udaberrira arte itxi egin ditu Udalak.

Udalak adierazi duenez,  "jendetza" ibili da udan parkean, eta "pozik" agertu da guneak hartu duen erabilerarekin. Haren arabera, herritarrek "ohitura" hartu dute Izarraizko Atera joateko, eta askorentzat igerilekuen eta hondartzaren "alternatiba" bilakatu dela azpimarratu du: "Bero egunetan jende gehiago joan ohi da parkera, bai herritarrak eta baita inguruko herrietako bizilagunak ere", esan du Josu Labaka zinegotziak. Era berean, gaztetxoei ur-txorroek erakartzen dietela gaineratu du zinegotziak: “Poztekoa da iazko nobedadea eta gero, herritarren aisi eta atsedenerako leku bilakatu dela ikustea. Gero eta jende gehiago dabil parkean, eta herritarrek bere egin duten parkea da".