Kanpaina hasi du Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna ikusarazteko

Uztarria.eus 2018ko urr. 6a, 17:09

Adimen desgaitasuna duten pertsonen familien elkarteko Urola Erdiko ordezkariek atzo egin zuten kanpainaren aurkezpena Azpeitian. Boluntariotza "inklusio" gisa ulertzen dutela adierazi, eta desgaitasuna duten pertsonek "jarduera askotan" kolaboratu dezaketela aldarrikatu zuten.

Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen familien Gipuzkoako elkarteak, urteko sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan. Aurtengo egitasmoa Gure txanda da lelopean eramango dute aurrera, eta adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna ikusaraztea eta boluntario izateko aukerak zabaltzea izango du helburu. 

Kanpainaren berri emateko, Urola Erdiko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Azpeitiko plazan. Azpimarratu zuten boluntariotza "inklusio" gisa ikusten duela Atzegik, eta desgaitasuna duten pertsonek ere gizarteari "ekarpen baliotsua" egin diezaioketela nabarmendu zuten. "Zailtasunak izan arren, desgaitasuna duten pertsonek jarduera askotan kolaboratu dezakete. Baliagarri sentitzeko eta besteei laguntzeko grinak ilusioa izatea eta lanean ahalegin handia jartzea ahalbidetzen die".

Aloña Agirrek, Atzegiko Urola Erdiko ordezkariak, adierazi zuenez, geroz eta pertsona gehiago hurbiltzen zaie boluntario izateko interesarekin: "Adimen desgaitasuna duten pertsonak dira, eta askok boluntariotza esperientzia puntualen bat izan dute eta errepikatu edo beste zeregin egonkorragoa bilatu nahi dute". Gogoratu zuen azken urteetan Elikagaien Bankuarekin eta Lilatoia, Ehunmilak eta San Silvestre lasterketetako antolatzaileekin elkarlanean aritu direla, eta harreman horiek indartzeaz gain, taldearen helburua da boluntariotza beste esparruetara ere zabaltzea. Hori hala izanik, dei egin diote elkarteei, boluntarioak behar dituztenean adimen desgaitasuna duten pertsonak ere kontuan izan ditzaten. "Adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna azpimarratu nahi dugu. Pertsona horiek argi dute laguntza pixkatekin gauza asko lortu ditzaketela; horiek ere aukera bera izan behar dute boluntario izateko. Beraiek jaso duten laguntza itzuli nahi diete beste pertsonei", gaineratu zuen Agirrek.

Atzegiko kideek adierazi zutenez, joan den urteko kanpainari "buelta" eman nahi diote aurten. Izan ere, iaz profil desberdinetako pertsonei dei egin zieten Atzegin boluntario izateko, eta laguntza jaso zuten horiek orain boluntario izateko duten gaitasuna aldarrikatu dute aurtengoan; horregatik jarri diote Gure txanda da leloa kanpainari. Ildo horretan, Atzegiko kide Eli Agirianok bere bizipenak kontatu zituen atzoko aurkezpenean. Adimen desgaitasuna du Agirianok, eta hark azaldu zuenez, egun Iraurgi Ikastetxean praktikak egiten ari da, eta administrari lanetan, jangelan eta umeen zaintzan laguntzen du. Aurretik, beste hainbat arlotan aritu izan da boluntario, hala nola abenduaren 31n egiten den San Silvestre lasterketan, eta adierazi zuen gustatuko litzaiokela beste eremu batzuetan ere laguntzea.

Aurtengo kanpainaren ekitaldi nagusiaren atarian egin zuen Atzegik atzo aurkezpena. Izan ere, elkartea urriaren 9an da egitekoa ekitaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta hara joan nahi duenak 943-42 39 42 telefonora hots eginda eskuratu ditzake sarrerak.

Kanpainaren helburuak gizarterako asmoz, kartelak edota liburuxkak banatuko dituzte datozen asteetan hainbat lekutan, eta bideo bat ere sortu dute, adimen desgaitasuna duten pertsonei boluntario izateak zer ekarpen egiten dien adierazteko asmoz. Hemen ikus daiteke bideoa.

Urola Erdian 93 familia dira Atzegiren bazkide eta kolaboratzaile moduan 54 lagun aritzen dira. Era berean, 869 Atzegizale daude bailaran.